Gabonetan birziklapena sustatzeko kanpaina ipini du martxan Mankomunitateak

Gabonetan birziklapena sustatzeko kanpaina ipini du martxan Mankomunitateak
2020/12/21 11:06
eta kitto!
Gabonetan birziklapena sustatzeko asmoz Debabarrena Mankomunitateak kontzientziazio kanpaina ipini du martxan. Barixakuan aurkeztu zuten kanpainako protagonistak Olentzero eta Mari Domingi, Hiru Erregeak eta Santa Klaus dira eta, nabarmendu zutenez, “Gabonetan sortzen dugun hondakin kopurua nabarmen handitzen denez, egun berezi hauetan ezinbestekoa da hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzearen garrantzia azpimarratzea”. Debabarrenako Ingurumen teknikariak adierazitakoaren arabera, “Mankomunitateak 2030 urterako %70eko gaikako bilketa lortzea du jomuga, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren lankidetza. Eskualde mailan gaikako bilketaren inguruko lanketa bateratua egin nahi da kontzientziazio kanpainaren bidez, herritarrak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzeko eta hobekuntzak lortzeko. Lehen urratsa besterik ez da hau.”

Kanpainaren goiburua #GabonetanIzanGarbi da eta, horren harira, Mankomunitateak gutun bat bidali du eskualdeko etxe guztietara, Gabonetako pertsonaien izenean, herritarrak birziklatzeak duen garrantziaz jabetu daitezen. Horrez gain, sare sozialetan zabaltzeko bideo didaktikoak ere ekoitzi ditu. Bertan, pertsonaiek hondakin mota bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den azaltzen dute. Kanpainak urtarrilaren 6ra arte iraungo du: “Debabarrenean bizi diren adin eta jatorri guztietako pertsonengana iritsi nahi dugu Gabonetan birziklapen tasa igotzeko, horregatik baliatu gara gabonetako pertsonaia guztiez. Ezagunak eta entzunak dira. Normalean guk eskatzen dizkiegu opariak, baina aurten haiek ere eskakizun bat dute gu guztiontzat: Gabonetan Debabarrenan sortzen ditugun hondakinak egoki birziklatzea.”

Hain zuzen ere, Olentzerok, Meltxor Erregeak eta Santa Klausek emandako prentsaurrekoan esan zutenez, “Gabon hauetan oparietan, bazkari-afarietan... sortzen diren hondakinak behar bezala birziklatzea” da euren nahia, “hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzea.” Gainera, oker birziklatzen duenak ikatza jasoko duela azpimarratu zuten.

https://twitter.com/Infodebabarrena/status/1340945361993658368