Garbiguneen kanpoan hondakinak lagatzen dituztenei isunak jarriko dizkiete

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Garbiguneen kanpoan hondakinak lagatzen dituztenei isunak jarriko dizkiete
ETA KITTO 2021, Api 22

Debabarrenako Mankomunitateak garbiguneen inguruak hondakinak botatzeko gune bihurtu direla atzeman du, “ordutegia errespetatu gabe eta bereizketa egokia egin gabe”, euren berbetan. Gainera, garbiguneetan laga behar ez diren zaborrak uzten dituztela, amianto-hondakinak kasu.

Arazo hori ekiditeko, Mankomunitateak isunak jarriko dizkie garbiguneen kanpoan hondakinak uzten dituzten pertsonei. “Mankomunitatearen asmoa ez da zehapen-espedienteak irekitzea garbiguneak behar bezala erabil daitezen”, diotenez, baina neurri hori hartuko dute egoera hobetu eta garbiguneak arduraz erabili arte.

Hondakinak xede horretarako ezarritako guneetatik kanpo lagatzea arau-hauste oso larritzat tipifikatzen da hondakinak biltzeko zerbitzua arautzen duen Mankomunitatearen ordenantzan, eta 1.750 eta 45.000 euro arteko isunak eragin ditzake.

Mankomunitateak adierazi duenez, “ia egunero, lehen orduan, langileek mota guztietako hondakinak aurkitzen dituzte, nahastuta, garbiguneen atarietan”. Horregatik, garbiguneen ordutegia zein den gogoratu nahi du: astegunetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta zapatuan 09:00etatik 13:00etara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »