Garraio txartel bakarraren bila

Garraio txartel bakarraren bila
2019/01/25 eta kitto!
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraio txartelek “erabateko interoperatibitatea” izango dute laster. Hori dio Euskadiko Garraio Agintaritzak eta hainbat neurri hartu dituzte azken asteotan helburu hori lortzeko bidean. Txartelen erabilerari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurraldeen arteko mugak apurtzea eta hiru probintzietan txartelen erabilera erabatekoa izan dadila da asmoa. Txartel bakarra sortzea izango da hurrengo pausoa.

 

Mugi (Gipuzkoa), Barik (Bizkaia) eta Bat (Araba) txartelak EAEko garraio publiko guztietan erabili ahal izango dira datozen hilabeteotan, aldiriko Renfe trenetan ezik (Sustapen Ministerioak kudeatzen duelako). 2014an Euskadiko Garraio Agintaritzako (EGA) kideek Interoperatibitatearen Master Plana onartu zuten eta, horren harira, txartel guztiak edozein probintziatan erabiltzeko neurriak hartu dira azken urteotan. Hala ere, oraindik ez zegoen garraio guztietan edozein txartel erabiltzeko aukerarik eta, horregatik, bi neurri hartu behar izan dituzte. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Metroaren 1. eta 2. linean Mugi txartela erabiltzeko aukera emango du. Eta bestetik, Bat eta Barik txartelak Lurraldebus zerbitzuetan erabili ahal izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki duenez.

Garraioen sistemetan hainbat egokitzapen egin beharko direnez, oraindik pixka bat itxaron behar izango da neurri honen emaitzak ikusteko. Bizkaiko Garraio Partzuergoak adierazi duenez, bi hilabete barru erabili ahal izango da Mugi txartela Bilboko Metroan. Bestetik, oraindik ez dute zehaztu Bat eta Barik txartelak noiz erabili ahal izango diren Lurraldebus zerbitzuetan. Izan ere, Bat eta Barik txartelak antzematen dituzten elementu teknologikoak instalatu behar dituzte Lurraldebus autobusetan.

Bidaien tarifak ez dira aldatuko eta gaur egun probintzia bakoitzean ezarrita dauden deskontuak aplikatuko dira. Beraz, Mugi txartela Bizkaian erabiliz gero, adibidez, Barik txartelak dituen deskontuak aplikatuko dira.

 

Proba pilotua Bizkaian

Euskadiko Garraio Agintaritzaren arabera Euskadiko garraio publikoko bidaiarien mugikortasuna nabarmen hobetuko da neurri horiekin, baina hurrengo urratsa daukate buruan. EAEko garraio publikoetan txartel bakarrarekin bidaiatu ahal izatea da helburua, elementu fisiko edo birtual gisa, eta Bizkaian esperientzia pilotua abiatuko dute proba bezala. Erabiltzaileek sakeleko telefonorako aplikazio baten bidez bidaiatu ahal izango dute, “erabiltzailearen soslaiarekin bidaiak baliogabetuz”. Esperientzia pilotu honen ondorioek garraio publikoa erabiltzeko modu berri honen eraginkortasuna, kalitatea, kudeaketa eta segurtasuna ezagutzeko balioko dute.

Araban, bestetik, Mugikortasunaren Agintaritzak Bat aplikazioa konfiguratzen dihardu erabiltzaileek modu erosoan eta edozein ordutan diru-zorroaren karga (ordainketarako pasarela seguruaren bidez), txartelaren mugimendu historikoak eta soslaia kudeatu ahal dezaten. Izan ere, gaur egun Bat txartelaren funtzioak makinetan bakarrik kudeatu daitezke.

 

Mugikortasun jasangarriaren legea

EGAko kideek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak mugikortasun jasangarriaren lege aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu dute berriki. Tramitazio prozesuari hasiera eman zaio orain eta lanerako mahaia osatu dute Legebiltzarrera bidali behar den azken dokumentua prestatzeko. Ekimen honekin mugikortasunari buruzko politika legez koordinatu eta agindu nahi da.

Garraioaren eraginkortasuna hobetzeko prestatutako planteamendu integratuan eta multimodalean ari dira lanean. Legeak pertsonen eta merkantzien garraioaren ardurak jasotzen dituzten printzipio eta lehentasunak ezartzea du helburu, mugikortasun jasangarriaren garapen integrala lortzeko gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Bestetik, EAEn mugikortasun jasangarria lortzeko beharrezkoak diren tresnak eta prozedurak ordenatzeaz gain, garraio publikoari eta kolektiboari lehentasuna eman nahi diote, erregai fosilak kontsumitzen ez dituzten baliabideak aukeratuz. Horrela, kable bidezko garraio publikoaren proiekzioa, eraikuntza, martxan jartzea eta ustiapena sustatu nahi da.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko hirugarren lauhilekoan jasoko du lege-proiektua, onar dezan, eta puntu hauek jasoko ditu: Batetik, elementu komun guztiak tarifen diseinuan eta operadoreen koordinazioan sartzea. Bigarrenik, ekonomiaren eta teknologiaren lankidetza-mekanismoak formulatzea. Eta hirugarren, ingurumen-garraiobide jasangarrienak bultzatzea eta klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen duten energia garbiak erabiltzea.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean adierazten duenez, “ibilgailu pribatuaren erabilera handiaren eta petroliotik eratorritako erregaien erabileraren ondoriozko gizarte eta ingurumen arloko arazoei erantzuna emateko sortu eta bultzatu den kontzeptua da mugikortasun jasangarria”. Euren iritziz Euskadi ez da zerotik abiatzen, “baina egungo ereduaren gizarte, ingurumen eta ekonomia arloetako kostuak arintzen lagunduko duten alternatibak aurkitu eta mugikortasun jasangarria lortzeko aurrera egin behar du”. Horretarako, Euskadiko Mugikortasunaren Legea berebizikoa dela deritzo Eusko Jaurlaritzak. “Etorkizuneko mugikortasun eredu modernoagoa eta eraginkorragoa ezartzeko orduan jauzi kualitatiboa modu eraginkorrean ematen lagunduko duen tresna izango da”.