Gaur arratsaldean desinfektatuko dituzte Eibarko zaharren egoitzak

Gaur arratsaldean desinfektatuko dituzte Eibarko zaharren egoitzak
2020/03/24 eta kitto!
Atzo Irungo Anaka zaharren egoitza desinfektatu ondoren, gaur arratsaldean Eibarko Egogain eta San Andres zaharren egoitzak desinfektatuko dituzte. Desinfekzio lanek bi orduko iraupena izango dute eta bi fasetan banatzen da. “Suhiltzaileak gune komunak eta eraikina kanpotik desinfektatzeaz arduratuko dira, eta beste enpresa batek eraikin barruko garbiketa zehatza egingo du”, Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi digutenez. Desinfektatze lan hauek astero egingo dira.

Barixakuan jakin zen koronabirus kasu bat dagoela Egogain gerontologikoan eta, orain arte jasotako datuen arabera, egoerak berdin jarraitzen du. Aldunditik jakinarazi digutenez, material eskasiaren arazoa orokorra da zaharren egoitza guztietan eta egunero inbentarioak egiten dituzte materiala jasotzen den neurrian beharra dagoen tokietara bideratzeko. Era berean, esker onez jasotzen dute herritarrek eskainitako materiala.

 

Herriko kaleak desinfektatzen

Eibarko Udala herriko kaleak desinfektatzen dihardu joan den astetik. Egunean birritan egiten du lan hori. Lehenik, egunez, jende gehien pilatzen den tokietan (denden sarreretan, farmazietan…). Eta bigarrenik, gauez, kontainerretan.