Gaur hasi da gripearen aurkako txertaketa kanpaina, arrisku handiko herritarrekin

Gaur hasi da gripearen aurkako txertaketa kanpaina, arrisku handiko herritarrekin
2021/10/18 eta kitto!
Orain, gripeak ez gaitzala banandu’ da Osakidetzak aukeratutako goiburua gaur hasi den gripearen aurkako txertaketa kanpainarako. Txertaketak pertsona hauek babestea du helburu: gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handiena dutenak eta konplikazio-arrisku handia duen beste norbaiti gaixotasuna transmititu diezaieketenak (hau da, 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak, osasun-langileak eta arrisku handia duten pertsonak zaintzen dituzten senideak edo haien bizikideak. Arriskupeko kolektiboetako jendeak, bestetik, azaroaren 15era arte itxaron behar du txertoa jasotzeko.

Hitzordua hartzeko, Osakidetzaren webgunearen bitartez edo norberaren osasun-zentrora deituz (sakatu 2. tekla) eskatu daiteke zita. Bestetik, aurten, ohiko osasun-zentroan, anbulatorioan edo kontsultategian egingo da kanpaina.

Gripearen txertoarekin batera, bestetik, COVID-19aren aurkako hirugarren dosia ematea eskainiko du Osakidetzak, bi baldintza betetzen diren kasuetan: 70 urte edo gehiago izatea eta COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso izana.

 

Gripea saihesteko neurriak

Txertoa emateko aukera eskaintzeaz gain, Osakidetzak aholku batzuk eman ditu gripea saihesteko. Eurek diotenez, gripea pertsonen artean kutsatzen da, hitz egitean, eztul egitean edo doministiku egitean ahotik edo sudurretik botatzen diren listu tantatxoen bitartez. Horregatik, txertoaz gain, gripea eta beste arnas infekzio batzuk saihesteko neurri batzuk honako hauek dira:

- Maskara erabiltzea.

- Eskuen higienea sarri egitea.

- Espazio itxiak aireztatzea.

- Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoa tolestuz estaltzea.

- Erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea.

- Ahal den neurrian saihestea jende-pilaketak.