Gaurtik hasita domekara arte egongo da martxan Gurutze Gorriak antolatutako tonbola

Gaurtik hasita domekara arte egongo da martxan Gurutze Gorriak antolatutako tonbola
2020/12/10 eta kitto!
Eibar-Ermuko Gurutze Gorriak “Haien eskubideak jokoan” kanpaina antolatu du, Gabonetan haur guztiek jostailuren bat jaso dezaten. Aurten, baina, COVID-19aren eraginez, kanpainarako bide berriak aurkitu behar izan dituzte eta, horrela, tonbola moduko bat antolatu dute, 100 enpresa, talde, erakunde eta bestelakoen laguntzarekin: gaur (17:00etatik 21:30era), bihar (17:00etatik 21:30era), zapatuan (10:00etatik 21:30era) eta domekan (10:00etatik 15:00etara) Untzagan egongo dira (jubilatuen aldean), zozketarako rifak euro batean saltzen. Asmo horrekin, karpa ipiniko dute eta irabaz daitezkeen sariak ere bertan egongo dira, jendeak ikusteko moduan. Sariren bat egokituz gero, momentuan jasoko du irabazleak. Tonbolari esker biltzen duten dirua egoera larrian dauden haurrentzat jostailuak erosteko erabiliko dute, “beste umeek bezala, Gabonetan opariren bat izan dezaten”. Bestalde, norbaitek donazioren bat eginda lagundu nahi badu, Euskadiko Kutxako ES23 3035 0048 65 0480701879 kontu korrontean sartu dezake dirua.