Gaurtik hasita, maskara erabili behar da bi metroak ziurtatu ezin direnean

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Gaurtik hasita, maskara erabili behar da bi metroak ziurtatu ezin direnean
ETA KITTO 2020, Mai 21

Maskaren erabilera arautzen duen agindua argitaratu zuen atzo Espainiako Gobernuak aldizkari ofizialean. Gaurtik hasita dago indarrean agindua eta 6 urtetik gorako guztiei eragingo die, alarma egoerak iraun bitartean. Maskara jartzea, beraz, derrigorrezkoa izango da bi metroko segurtasun tartea zaindu ezin den tokietan, bai erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan baita aire zabalean ere. 3 eta 5 urte bitarteko haurren kasuan, bestalde, ez da derrigorrezkoa izango, baina bai “gomendagarria”, beti ere arau horren arabera.

Orain arte garraio publikoan baino ez zen derrigorrezkoa maskara erabiltzea, baino gaurtik toki publiko guztietan erabili beharko dugu, nahitaez, pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea dagoela ziurtatu ezin den guztietan. Maskara erabiltzea komenigarria den ala ez, horretan iritzi ezberdinak daude, baina araua indarrean sartzeko arrazoien artean, “leku itxietan eta jendea pilatzen den tokietan, Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusa kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murriztea” eskatu duela aipatu du Sanchezen Gobernuak. Eta, gaineratu duenez, “frogatuta dago maskarek gaitzaren hedapena saihesteko gaitasuna dutela”.

Aukeran, maskara higieniko edo terapeutikoak erabiltzea gomendatzen dute eta, beraien funtzioa modu egokian bete ahal izateko, jakina, ahoa eta sudurra estali beharko dute. Bestalde, arauak berak zehazten duenez, maskara jarrita izanagatik, ez dira albo batera laga behar COVID-19aren hedatzea eragozten duten gainontzeko osasun neurriak, distantzia zaintzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.

Maskara ezberdinak daude merkatuan, baina orohar hiru multzo nagusitan bereizi daitezke: maskara higienikoak, maskara kirurgikoak eta norbera babesteko ekipamendutzat jotzen diren maskarak daude. Azken horiek partikulen eta aerosol likidoen aurrean iragazki gisa funtzionatzen dute ohikoenak pandemiarena bezalako egoeretan eta osasun-langileentzat. Maskara erabiltzeak garrantzia badu ere, pandemiari aurre egiteko oinarrizko neurriak eskuak sarri garbitzea, pertsonen artean metro eta erdiko tarteari eustea, eta eskuekin kontaktuan dauden gainazalak ahal bezain ondo garbitzea dira.

  • Maskara Higienikoak: Apirilaren 13az geroztik metro eta aldiriko trenetako geltokietan banatzen dituzten maskarak dira. Ez daude erabiltzailea arrisku zehatz batengandik babesteko diseinatuta, eta ez dira gomendatzen eragile arriskutsu baten aurrean aritzeko. Maskara higienikoak hiru motatakoak izan daitezke: UNE 0064 eta 0065 araudia betetzen dutenak; beste zehaztapen batzuk betetzen dituztenak; eta zehaztapenik gabeko maskarak. Probarik eta egiaztatzerik egin ez dizkieten maskarak dira. Kasu guztietan, erosotasunagatik eta higiene arrazoiengatik, maskara lau ordutik gora ez erabiltzea gomendatzen da.
  • Maskara Kirurgikoak: Erabiltzailearen edo jantzita daramanaren ingurukoak babesteko balio du, arnasketan sortutako partikulak kanpoaldera iristea galarazten baitu. Era berean, erabiltzailea bera ere pittin bat babesten du, fluido biologikoen zipriztinen aurka, zehazki. Bakterioak filtratzeko eraginkortasunaren arabera, maskara kirurgikoak I edo II motakoak izan daitezke. Bigarren horiek odola eta bestelako likido biologikoak jasateko gai dira. Hauen kasuan ere, lau ordutik gora ez erabiltzea gomendatzen da.
  • NBE Maskarak: Norbera Babesteko Ekipamendutzat jotzen dira eta osasun arloko profesionalek erabiltzeko prestatuta daude. Ingurumenean dauden partikulak eta aerosol likidoak iragazten dituzte, eta, horrela, erabiltzaileek ez dituzte horiek inhalatzen. Iragazpen-eraginkortasunaren arabera, maskara FFP1, FFP2 edo FFP3 motakoa izan daiteke. COVID-19aren aurrean babesteko FFP2 maskarak gomendatzen dituzte.

Xehetasun gehiago nahi izanez gero, FFP1 maskarek % 78koa dute gutxieneko iragazpen-eraginkortasuna, eta, gehienez, % 22koa da barnealdera sartu daitekeen kopuru edo “ihesaldi” maximoa. Material inerteen partikulekin lan egiteko erabili ohi dira; FFP2 maskaren iragazpen-eraginkortasuna % 92koa da. Toxikotasun txiki eta ertaineko aerosolekin lan egiteko erabili ohi dira. Osasun-langileei gelatik kanpo janztea gomendatzen zaie; eta FFP3 maskare iragazpen-eraginkortasuna % 98koa dute, eta espozio arriskua dagoenean, toxikotasun handiko aerosolen aurka erabiltzen dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »