Gerrako umeak identifikatzeko arreta zerbitzua jarriko dute maiatzean

Gerrako umeak identifikatzeko arreta zerbitzua jarriko dute maiatzean
2022/03/21 eta kitto!
Intxorta 1937 kultur elkarteak “asmo handiko” proiektu bati ekin zion 2021ean, euren berbetan: Gerra Zibilean erbestera (Frantzia, Ingalaterra, Errusia, Belgika, Katalunia, Txile, Argentina eta Mexiko) behartutako haurren memoria identifikatu eta berreskuratzea.

Erbesteratze horrek Gipuzkoako 6.000 haur baino gehiagori eragin zien, elkarteak dioenez. “Gerrako haur kontsideratzen dituzte 1936. urtean 16 urtetik beherako guztiak”, gehitzen dute. “Memoriaren pieza garrantzitsutzat jotzen da, gatazkaren ondorio sozial, fisiko eta afektibo mingarriak jasan baitzituzten”.

 

Maiatzak 5, 12 eta 19

Gerrako umeen memoria berreskuratzeko asmoz, elkartea Eibarren egongo da maiatzaren 5ean, 12an eta 19an, 18:00etatik 20:00etara, Portaleko 3109 batzartokian (3. solairuan), erbestealdi honen testigantzak eta irudiak identifikatu eta jaso ahal izateko.

Intxorta 1937 elkarteak, orain arte, 357 lagun identifikatu ditu Eibarren (184 mutiko eta 173 neska). Ekimen honen bitartez pertsonen izen-abizenak, bizitokiak, bizi izan zituzten gorabeherak, argazkiak eta euren bizitzari buruzko informazioa lortu nahi dute, besteak beste.

Lan honetan parte hartu nahi dutenek intxorta1937@gmail.com helbidera idatzita edo 678242031 eta 699669205 telefonoetara deituta jarri daitezke Intxorta 1937 elkartearekin harremanetan.

 

Acha Garmendia Rosa, Eibar Otaduy Azpiazu Jacinta Alicia, Eibar Iransuegui Otal Laura, Eibar Aldazabal Luri Ramoìn, Eibar Albistegui Aguirre Isaias, Eibar