[GEURE GAIA] Zazpi bizitza, baina duinak

[GEURE GAIA] Zazpi bizitza, baina duinak
2023/02/17 11:17
eta kitto!
Katubeltz elkartea 2016. urtean sortu zen eta askorentzat ikusezina den lana egin du urte hauetan. Elkarteko kideek 120 katu antzutu dituzte Eibarren eta, katuen gainpoblazioa ekiditeaz gain, animalia hauei bizitza duina ematen saiatzen dira, kalean jarraitu ezin dutenei etxea bilatzen saiatuz.

 

Katubeltz elkartearen jardunak sinplea dirudi, baina demasekoa da atzetik duen lana. “Gure zeregin nagusiena katuak harrapatzea, antzutzea eta itzultzea da”, esan digute elkartetik. HAI sistema deritzo horri, hitz bakoitzaren lehen letra hartuta, eta Europako zenbait herrialdetan orain dela 20 urte jarri zuten martxan. Horretarako, katuen koloniak atzeman behar dituzte lehenik eta animalien zentsoa egiten dute ondoren. “Elikatzailearen laguntzarekin katuak harrapatzen ditugu, antzutu, marka egiten diegu antzututa daudela jakiteko eta askatu egiten ditugu kolonia berean”, argitu digute.

Katu batzuk, ostera, ez dira oso egoera onean egoten, gaixo egoten dira, eta eurentzat etxea bilatzen saiatzen dira. “Arazo handiena da dagoen katu kopurua etxe kopurua baino askoz ere handiagoa dela. Orduan, kopuru hori ez badugu parekatzen, ezin ditugu kaleko katu guztiak etxera eraman”, dioskue elkartetik.

Katuen zentsoa egiteko, kolonia korrelatiboen sistema erabiltzen du Katubeltzek. “2016an kolonia batean hasi ginen eta ia katu guztiak antzutu genituen. Gero, alboko koloniara joan ginen, gero albokora, ondoren hurrengora... Horrela, segurtasun-gune bat ezartzen duzu”, azaldu digute. Katuak harrapatzeko elikatzaileen laguntza behar dute, aurreko egunean katuei jaten ez ematen saiatzen dira eta bolondresen lana ezinbestekoa izaten da. “Eurak arduratzen dira katuak albaitariarengana eramateaz eta koloniara itzultzeaz”, diote.

 

Bi auzo kontrolpean

Katubeltz herriaren aldeko lana egiten saiatzen da. “Katuak gustatzen ez zaizkienek katu gutxiago ikusiko dituzte kalean, eta gustatzen zaizkigunok ere berdin. Gainera, ikusten ditugunak egoera hobean ikusiko ditugu”, azaldu digute.

Euren ustez kalekatuek beti izan dute fama txarra. “Zikinak direla, gaixo daudela, arratoien atzetik dabiltzala, eta abar. Baina antzutzen baditugu, koloniak kontrolatuta badaude, pentsua jaten ematen badiegu... Katuek beste itxura bat dute, osasuntsuagoa”, diote.

Elkartea 2016ko irailean sortu bazen ere, 2017ko hasieran hasi ziren antzutzeekin. Katubeltzek Debabarreneko beste herrietan ere jarduten du eta guztira 206 antzutze egin ditu urte hauetan guztietan: 120 Eibarren, 32 Ermuan eta 53 Mendaron (azkena domeka gauean). “Eibarko bi auzo ia guztiz kontrolatuta ditugula esango genuke. Kolonia bat falta zaigu kontrolatzeko eta, gero, solte agertzen diren katuak”, azaldu digute. “Bi auzo horietan bizilagunen kexak egon ziren. Katakume asko zeudela, borrokak, autoek katuak harrapatzen zituztela... Orain, antzututa daudenez, ez dira borrokatzen, ez dira emeen atzetik korrika ibiltzen eta errepidea gurutzatzen eta, pentsua ematen zaienez, bizilagunei esaten diegu leihotik janaririk ez botatzeko, horrek dakarren zikinkeria ekidituz”.

Elkartekoek diotenez, Udala pozik dago euren lanarekin. “Auzo bi horietan kexak asko jaitsi direla aitortu digute”, diotenez. “Sistema ondo eramaten bada, berehala ikusten dira onurak”. Sistema horri ‘1 antzutuz, 100 bizitza salbatu’ deitzen diote. “Izan ere, katu batek bere bizitza guztian 100 katakume izan ditzake, bere oinordekoak kontuan hartuta”, azaldu digute Katubeltzekoek.

 

Udalen ardura orain

Bolondresek osatzen dute Katubeltz eta Udalak ezin die eskatu han edo hemen aritzea, baina baliabideen arabera (“dirulaguntza txiki bat jasotzen dugu”) aktuazioak egin izan ditu elkarteak. Abuztuan, ostera, 9/2022 legea onartu zen EAEn eta etxeko eta kaleko katuak parekatzen ditu, eskubide berdinak emanez, kalekatuen koloniak babestuz eta kolonia horien kudeaketa Udalaren esku lagaz, elkarteen laguntzarekin beti ere. “Beraz, orain gu gabiltza Udalari laguntzen, ez alderantziz”, azpimarratzen dute Katubeltzekoek.

Joan den eguenean, bestetik, Animalien Babeserako Legea onartu zuten Espainian. “Euskadiko legearen antzekoa izango dela pentsatzen dugu. Aste batzuk itxaron beharko dugu EAOn (BOE) argitaratu arte, baina pentsatzen dugu katuen kolonien kudeaketa Udalen esku dagoela zehaztuko duela”, elkartekoen ustez.

Erakundeen aldetik bultzakada egon beharko dela badirudi ere, Katubeltzentzat beharrezkoa da oraindik herritarren babesa jasotzea. “40 bazkide inguru ditu elkarteak eta oso bolondres gutxi gaude”, dioskue. “Gure denbora librean egiten dugun lana da, denbora asko jaten du eta dirua ere behar da. Jende gehiago balego, gutxi emanda ere, asko egin ahalko litzateke”, gehitzen dute.

Goiko irudian ikusi dezakezuen bezala, aukera ugari dago Katubeltz elkarteari laguntzeko eta, informazio gehiago behar izanez gero, bertan agertzen diren sare sozialen bitartez jarri zaitezkete eurekin harremanetan.

Katubeltz Laguntza Irudia KATUEN GAINPOBLAZIO GRAFIKOA