Gipuzkoan lan egiten duten 5.200 erizain baino gehiagok ospatuko dute bihar euren eguna

Gipuzkoan lan egiten duten 5.200 erizain baino gehiagok ospatuko dute bihar euren eguna
2020/05/11 eta kitto!
Bihar, maiatzak 12, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan eta aurten, gainera, Florence Nightingale erizaintza modernoaren aitzindaria jaio zela 200 urte betetzen direla ere gogoratuko da. Biharko egunaren harira, Donostiako Udalak urdinez argiztatuko du udaletxea eta mezu berezi bat jarriko du Kursaalean, Gipuzkoako Elkargoko kide diren 5.295 erizainak zoriontzeko eta eskerrak emateko.

Nazioarteko Egunaren atarian, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak (COEGI) erizainek mundu osoko osasunaren alde egindako funtsezko ekarpena gogoratu nahi du. Funtsezkotzat jotzen dute osasun politiketako aldaketa, “erizainak aginte kateetan sartuta eta osasun baliabideetako inbertsioak handituta”. Era berean, profesionalen harrobia sustatzearen alde egiten dute, “unibertsitateetan plaza kopurua handituta” eta azpimarratzen dute erizainen ratioa handitu behar dela, “bereziki Lehen Arretako zerbitzuetan, Larrialdietako Unitateetan, eta egoitza geriatrikoetan”.

Pilar Lekuona COEGIko lehendakariak nabarmendu duenez “erizainak ez gara soilik asistentzialak. Nazioarteko Egunean, aitortu behar dugu eta txalotu nahi dugu, baita ere, pandemia honen kudeaketan esku hartu duten gainbegiratzaileen, koordinatzaileen, ondokoen, zuzendarien, kudeatzaileen eta irakasleen lana, ziurgabetasuna, presioa, beldurrak eta tinko heltzeko moduko irizpide komunik egon ez den uneetan erabakiak hartu eta hainbat zeregin bere gain hartu behar izan baitituzte”.

COEGIk herritarrei eskerrak eman nahi dizkie “arduratsu jokatzeagatik”, baina arretaz jokatzen jarraitzea eskatu nahi dute: “Covid-19a oraindik ere presente dago, eta ezin zaie errespetua galdu osasun alorreko agintaritzek emandako arau eta jarraibideei, gure artean gorde behar ditugun distantziei eta eskuen eta inguruaren higiene etengabeari, horiek izango baitira pandemia hau geldiarazteko gakoak".