Greziako errefuxiatuentzat dilistak biltzeko kanpainak jarraipena izango du ekainaren 8tik 12ra

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Greziako errefuxiatuentzat dilistak biltzeko kanpainak jarraipena izango du ekainaren 8tik 12ra
ETA KITTO 2020, Eka 04

Martxoaren hasieran aurkeztu zuten Ermuko Jesus Gonzalez eta Eibarko Mireia Alonso sukaldariek, Zaporeak taldeko boluntarioen eta beste hainbaten laguntzarekin, Greziako Lesbosen errefuxiatuta daudenentzat dilistak eta arroza biltzeko kanpaina, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta, janari-bilketa ez ezik, aurreikusita zituzten beste ekimenak ere bertan behera geratu ziren. Mireia Alonsoren berbetan, “jakin badakigu une honetan jende asko dagoela laguntza premian, hemendik kanpora eta baita hemen, etxean bertan ere, eta ez diogu inori konpetentzia edo kalte egin nahi. Baina hasita dagoen proiektu hau ezin dugu horrela laga, kanpainarekin amaitu behar dugu. Besteak beste, etenaldiaren aurretik jendeak emandako dilistak eta arroza jaso behar ditugu, Lesbosen zain daude eta”. Gauzak horrela, ekainaren 8tik 12ra bitartean, dilista pardinak (Eibarren) eta arroza (Ermuan) jasotzen jarraituko dutela jakinarazi nahi diote jendeari. Azken orduko erabakia izan denez, bilketa-puntuak zeintzuk diren zehazteke zegoen aldizkaria inprentara bidaltzeko orduan, baina nahi duenak …eta kitto! Euskara Elkartearen lokalera (Urkizu, 11 solairuartera) eraman ditzake dilistak, bertan jasoko dituzte eta. Kanpaina amaitzeko ekitaldia, bestalde, Untzagan izango da, hilak 13an eta errifen zozketa ere orduan egingo dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »