Hamabi koronabirus kasu zenbatu dituzte Eibarren, 50 Debabarrenean

Hamabi koronabirus kasu zenbatu dituzte Eibarren, 50 Debabarrenean
2020/10/20 13:13
eta kitto!


Beste egun batez, datu kezkagarriak eman ditu Osasun Sailak. Eibarren beste hamabi pertsonak eman zuten atzo positibo PCR probetan. Asteburuko datuekin alderatuta zertxobait jaitsi egin da positibo kopurua, baina  gora egin du intzidentzia tasak –506,50koa zen atzo; 532,19koa gaur–. Debabarrenan, guztira, 50 kasu izan dira; horietatik hamazortzi Ermuan zenbatu dituzte (inzidentzia tasa 660,89an dago). Gainontzeko herrietan, berriz, honako hauek izan dira datuak: 9 Elgoibarren (707,81ko intzidentziarekin), 6 Soraluzen , 4 Mallabian  eta 1 Mutrikun. Eibar, Ermua, Elgoibar eta Deba semaforo gorrian daude.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 625 kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 32 kasu gutxiago. Hiru herrialde horietan atzo gauzatu zituzten PCR probak, berriz, 8.953 izan ziren, herenegun baino 1.115 test gehiago. Gipuzkoan izan dira daturik okerrenak, kasuen ia erdiak (304) lurralde horretan atzeman baitituzte. Gainera, lehen aldiz Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasa igaro du —506,14ko tasa du Gipuzkoak—, baina oraindik ez dute erakundeek halako neurririk iragarri. Dena den, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak urgentziazko bilera egingo du herrietako alkateekin gaur arratsaldean.

Ospitaleratzeei dagokienez, 312 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun erietxeetan dauden gaixoak —herenegun 300 ziren—, eta atzo 45 pertsona ospitaleratu zituzten, herenegun baino hamabi pertsona gehiago, hain justu. ZIUn dauden eriak, berriz, 59 dira, lau gehiago.