Harreman sozialak "ezinbestekora" mugatzeko eskatu du Urkulluk

Harreman sozialak "ezinbestekora" mugatzeko eskatu du Urkulluk
2020/11/02 eta kitto!
Egoera “kezkagarria” dela eta “aukera guztiak mahai gainean” daudela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute joan den astetik indarrean diren neurrien eragina, eta orduan erabakiko dute neurri gehiago hartzeko beharrik dagoen. Bien bitartean, Jaurlaritzak hamar gomendio eman dizkie herritarrei.


Datuek ez dute hobera egiten, egoera kezkagarria da, eta Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen neurri murriztaile gehiago eta gogorragoak hartu behar izatea. Halaxe adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Onartu du “aukera guztiak mahai gainean” daudela; horien artean leudeke “etxeratzeko agindua aurreratzea” eta “ezinbestekoak ez diren ekonomia jarduera guztiak etetea” ere. “Egoera kezkagarria da, baina orekari begira arituko gara, osasuna eta ekonomia zaintzeko”, adierazi du.

Urkulluk esan duenez, asteazkenean eta ostegunean aztertuko dute zer neurri beharko diren. Izan ere, egun horietako datuek erakutsiko dute bidea, ordurako antzeman beharko bailitzateke alarma egoerak ekarri dituen murrizketen eragina kasu berrien kopuruan.