Hasi dira Zaporeak erronkarako lentejak batzen, baita ...eta kitto!-n ere

Hasi dira Zaporeak erronkarako lentejak batzen, baita ...eta kitto!-n ere
2023/03/20 eta kitto!
Gaur hasi eta barixakura arte jasoko dituzte Zaporeak erronkaren bosgarren edizioko produktuak, aurten eskualde osora zabaldu den ekitaldian. Aurrekoetan bezala, lekaleak, pasta eta arroza bilduko dituzte Debabarreneko herri guztietan, Grezian dauden errefuxiatuei jaten emateko. Eibarren dilista pardina bilduko da, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa, Ermuan, Deban eta Soraluzen arroz luzea, Mallabian eta Mendaron hodi erako makarroia, eta Mutrikun arraina kontserban.

Anbulatorio aurreko Julian Etxeberria kalean (lehen Springfield denda zegoen tokia) ipini dute, iaz bezala, erronkako janari guztiak jasotzeko gune bakarra. Horrez gain, ...eta kitto!-tik aparte honako lekuetan ere jasoko dituzte dilistak: herriko ikastetxeak, Debegesa, Tekniker, Ipuruako jubiletxea eta Amañako kioskoa.

Beste herrietan, bestalde, honakoak izango dira janaria jasotzeko guneak: Ermuan: Parriaundi okindegia, Iluminación Beta, Amatxi eta Niza tabernak eta Jubiletxea. Mallabian: Udala, Liburutegia eta Ikastetxea. Deban: udaletxe azpian (23-24). Soraluzen: Ikastetxea, Gaztetxea eta dendak. Elgoibarren: Ikastetxeak eta Merkatu Plaza. Mutrikun: Udaletxea. Mendaron: Ikastetxea eta Jubiletxea.

Kanpaina ixteko ekitaldia Ermuan izango da zapatuan, bertako Orbe Kardinalaren Plazan, 14:00etatik 15:00etara. Bertan tupper solidarioak (erdia lentejak bakailaoarekin, beste erdia arroza Lumagorrirekin eta fruta pieza bat) salduko dira, 5 eurotan. Eta, janaria bidaltzeko gastuei aurre egiteko, rifak ere ipiniko ditzute salgai: euro baten truke afariak eta artelanak irabazteko aukera bikaina.