Hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak domekarako

Hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak domekarako
2021/09/30 eta kitto!
Hegaztien eguna ospatzen du SEO Birdlifek urriaren hasieran, eta horren harira Euskal Kostaldeko Geoparkeak "Hegaztiak behatzeko hastapen-tailerra" antolatu du urriaren 3an, Deban.

Irteeran hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango da; hegaztiak non ikusten diren, hauek ondo ikusteko beharrezko tresnak, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dituzte, besteak beste.

Debako Anes Arrinda Pasealekua izango du abiapuntu irteerak, domekan. Taldea 10:00etan elkartuko da eta tailerrak hiru orduko iraupena izango du. Euskal Kostaldeko Geoparkeko Ingurumen arduradunak, Gonzalo Torrek, gidatuko du taldea eta azalpenak euskaraz emango ditu. Jarduera interesa duen edonori dago zuzendua eta parte-hartzea doakoa da.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena labur.eus/hegaztieneguna2021 formularioan edo Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 19 24 52 telefonoan (8:00-15:00 astelehenetik ostiralera), plazak mugatuak dira eta. Edukiz gero, prismatikoak eramatea gomendatzen da.

 

Hegaztien Munduko Eguna

Hegaztiak dira datu gehien dituen fauna-taldea, eta horrek gure planetako osasun-egoeraren adierazle garrantzitsu bihurtzen ditu. Horiei esker, gertatzen diren aldaketen berri izan dezakegu, hala nola, klima-aldaketa edo biodibertsitatearen galera. Arrisku handiko espezieak desagertzen ari dira oraindik, eta lehen arruntak eta orokorrak ziren espezieak gainbehera bizian daude.

Estatuko hegazti arrunten % 37, eper edo enara arrunta bezain espezie ezagunak barne, egoera txarrean daude. Hori horrela, hegaztiek naturan duten garrantzia aldarrikatzeko eta haien aldeko kontserbazio neurriak eskatzeko ospatzen da urtero SEO-BirdLife elkarteak antolatutako Hegaztien Eguna.