“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra ondo birziklatzen duten azalera handiko saltokientzako

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra ondo birziklatzen duten azalera handiko saltokientzako
ETA KITTO 2021, Urr 08

Debabarrena Mankomunitateak azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko du eta erraztasunak emango dizkie sortzen dituzten hondakin kopuru handiak egoki birziklatzeko. “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman eta aitortza publikoa egingo die hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei. “Azalera handiko saltokiei zuzendutako egitasmo honen helburua da hondakin kopuru handiak sortzen dituzten supermerkatuetan eta hipermerkatuetan birziklapen ohiturak sustatzea”, azaldu dute Mankomunitateko ordezkariek.

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “asmoa da lehenik birziklapen ohituren inguruko jarraipena eta “hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra azalera handiko saltokietan aplikatzea, eragin handiena dutenak direlako, eta datozen urteetan azalera ertain eta txikiko saltokietara zabaltzea.” Azalera handiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtuko du Mankomunitateak, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Horretarako, hiru bisita egingo dira eskualdeko azalera handiko saltoki guztietara. Lehen bisitan egitasmoa azalduko da, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo da.

Urriaren 13an hasiko dira saltokietara bisitak eta Mankomunitateak eskuorriak prestatu ditu saltokiei egitasmoa azaltzeko eta informazio guztia helarazteko. Mankomunitateak azalera handiko saltokien ezaugarriak identifikatu ditu eta erabaki du, gaikako bilketa hobetzeko asmoz, eta hondakin organikoak banatuta jasotzeko, azalera handiko saltokiei edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan ematea. Saltokien beharren arabera, tamaina desberdinetako kuboak ahalbidetuko zaizkie.
Bestalde, organikoaren edukiontziak jasotzeko moduan ere erraztasunak emango zaizkie. Edukiontziak gertuen dagoen bilketa-puntura eraman ordez, saltokiaren kanpoan utzi ahal izango dituzte hemendik aurrera eta Mankomunitateko langileek bertan jasoko dituzte.

“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra emango die Mankomunitateak hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri gisa, eta aitortza publikoa egingo zaie. Azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean, eta saltoki bakoitzari sarrerako erakuslehioan ipintzeko pegatina bat emango zaio. Ondoren, periodikoki saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »