Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira egingo udaberri honetan

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira egingo udaberri honetan
2020/04/04 10:45
eta kitto!
Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira egingo udaberri honetan. Ikastolen elkarteak adierazi duenez, "Covid-19 koronabirusaren krisi handi honek eragotzi egiten du data horietarako ikastolen jai handiak egitea. Ofizialki debekurik jaso ez dugun arren, erabaki gogor hau hartzera behartu gaitu egoerak. Hiru jai hauek atzeratu egin baditugu ere, aurten egin egingo dira. Hori da Euskal Herriko ikastolen  nahia, eta asmo horri eusten ahaleginduko gara".

Koldo Tellitu  elkarteko presidentearen hitzetan, "guretzako jai hauek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu". Beraz, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak beste data batzuetara eramatea aztertzen ari dira.