Herriko Eskola Mapa eztabaidan

Herriko Eskola Mapa eztabaidan
2018/06/01 eta kitto!
Mogel Isasi eta Itzioko DBHko ikasleek bat egin eta elkarrekin ikasten dute zentro berean 2017ko irailaz geroztik. Hautsak harrotu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako erabaki honek eta iritzi kontrajarriak sortu ziren herrian. EH Bilduk norbanakoen kezka eta ardurak jaso eta gai honen inguruan lan egiten duen barne lantaldea jarri zuen martxan iaz. Eguaztenean foro irekia antolatu zuen Kultun lantaldean egindako lana aurkeztu, eta Rebeka Uberaren bidez Bilduk Eusko Jaurlaritzan egindako lana eta Leire Diaz de Gereñuk Gasteizeko Ramon Bajo ikastetxean bizitako esperientziaren berri emateko.

 

Eibarko Eskola Mapari buruzko foro irekia deitu zuen EH Bilduk eguaztenean Kultun. Hitzaldi gela bete egin zen, gai honen inguruan dagoen kezka, ardura eta jakinminaren seinale. “Herritar askori eragiten dion gaia da”, aipatzen zuten Kultura joandakoek, eta horregatik jarri zuen martxan Bilduk gai honen inguruan lan egiteko lantaldea 2017ko martxoan. “DBHko ikasleen fusioaren ostean EAJ eta PSE ez dira mugitu, eta aukera baten aurrean gaudela uste dugu”, adierazi zuen Gorka Errasti Bilduko zinegotziak. “Herrian adostasuna bilatu nahi dugu, txikitik, nolako Eskola Mapa nahi dugun erabaki eta goiko erakundeetara gure proposamena bidaltzeko”. Herriko eskola publikoetako ordezkariek, hezkuntzako adituek eta gurasoek osatzen dute lantaldea.

“Hezkuntza ezin da egon alderdi politikoen nahien arabera”, adierazi zuen foro irekira joandako lagun batek eta, horren harira, Bilduk eratutako lantaldeak dilema bat izan zuela aipatu zuen Errastik. “Eskola Mapari buruzko eztabaida guk sortu behar dugun edo herritik irten behar den pentsatu dugu sarritan”. Gauzak horrela, norbanakoek zuzenean azaldutakoak jaso eta gaia errotik lantzeko proposamena egiten du Bilduk gauza bi argi edukita. “Batetik, euskeraren erabilera bermatzea; eta bestetik, Eibarko aniztasuna kudeatzea”.

Eskola Maparen gaia konpontzeko errezeta magikorik ez dutela onartu zuen Errastik, baina hainbat proposamen bota zituen eguaztenean. “Batetik, Hezkuntza Teknikariaren figura berreskuratu eta Hezkuntza Batzordea eratu nahi dugu”. Herriko Eskola Kontseilua sortzea da Bilduren bigarren neurria. “Eibarko hezkuntza ingurunean eragiten duten teknikariek, gurasoek, irakasleek... osatuko lukete, Jaurlaritzako ordezkapen gabe. Horretarako, Udalaren baliabideak erabiliko lirateke eta bertan lortutako adostasunak Jaurlaritzara bideratuko genituzke”. Hirugarren neurriak herriko ikastetxeen giza baliabideak indartzea du helburu. “Udaleko Euskera, Hezkuntza, Kultura eta Immigrazio Teknikariek Eskola Aholku Taldea delakoa sortzea da asmoa, eskolek baliabide horien beharra dutelako askotan eta ezin delako euren gain utzi pisu guztia”. Bilduk proposatutako azken neurria Eskola Kirola ekimena bateratzea izango litzateke eta, era berean, “gauza txikia badirudi ere, Aratosteetako desfilea ikastetxe guztiek elkarrekin egiteak ere laguntzen du”. Proposamen horiek kontuan izanda, Udalean mozio bitartez eragingo duela aurreratu du Bilduk, eta herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko ateak zabalik dituela adierazi zuen Errastik.

 

Gasteizeko Ramon Bajo eredu

Aniztasuna kudeatzeko zalantzak eta auzoetako bizitzak izan duen gainbehera jarri zuten mahai gainean Kultun batu ziren hainbat lagunek. Herri, auzo eta ikastetxe bakoitzak bere beharrak dituela adierazi zuten hizlariek, eta horren adibide da Gasteizeko Ramon Bajo zentroa. Euskadiko hiriburuaren alde zaharrean dago kokatuta eta bertako gurasoa den Leire Diaz de Gereñuk azaldu bezala, orain dela 15 urte zaila zen irudikatzea Ramon Bajo D ereduko zentroa izango zela gaur egun. “D ereduan ikasi nahi zutenak handik kanpora joaten ziren, A eredua bakarrik zegoen, baina 2006an hainbat gurasok euren seme-alabak D ereduan matrikulatu ahal zuten galdetu eta onartu egin zituzten”. Ordutik, euskara indartu da auzoan, auzoko aniztasuna islatzen da zentroan eta komunitatearen zentzua berreskuratu dute. “Aberastu egin gaitu”.