Herriko turismoari eusteko ahaleginak eta bi egiten

Herriko turismoari eusteko ahaleginak eta bi egiten
2020/06/10 eta kitto!
Pandemiak arlo askotan izan badu eragina, kalterako jakina, turismoari zelan eraso dion begibistakoa dugu guztiok. Gurean ere, modu batean edo bestean, aurre egin behar izan diote egoerari eta aurrera zelan jarraitu asmatzeko lanean dihardute. Ixua eta Sosola ditugu Debabarreneko erreferente, jendeari zerbitzu onena eskaintzeko gogoz. Roberto Azpillagak eta Esther Gisasolak egoera berezi honi zelan diharduten aurre egiten kontatu digute, “ziurtasun ezaren aurrean” asmatzeko ahaleginean.

Eibartarrontzat eta kanpotik etortzen diren askorentzat aski ezaguna da Ixua. 1969an zabaldu zituen ateak jatetxeak, mendi bidez Eibar Bizkaiarekin lotzen den goialde horretan. Mende erdian bertako sukaldea eskualdeko erreferentea izan ondoren, orain dela urte bi boutique-hotela zabaldu zuten bertan. Luxuzko giro goxo eta lasaia aurkituko dute bisitariek landa-gune horretan eta turistei gustatu zaie aurkitzen duten proposamen berria.

Hotela kudeatzen duen Roberto Azpillagak dioskunez, “martxoaren 14an itxi behar izan genuen, derrigortuta, eta maiatzaren 11n zabaldu genuen berriro, jatetxea behintzat”. Instalazioak duen terraza handiak aukera bikaina eskaini die orain arte bertan izan diren guztiei: “Espazioari esker agindutako distantzia gorde ahal izan dugu mahairen artean eta espero baino hobeto abiatu gara berriro. Eguraldiak ere lagundu digu lehenengoko egunetan, bazkariak kanpoan egin ahal izan ditugu, eta dugun inguru ederra guztien ahotan izan da”. Jatetxearen espazioa ere egokitzen joan dira “eta langileak ere banan-banan eta jornada erdira inkorporatzen. Guztiak ERTEn izan dira; emaztea, bestalde, autonomoa da. Hoteleko zerbitzua, bestalde, etxekook jarraitu dugu egiten”.

Hoteleko erreserbak jausten joan dira, “irailera artekoak %90ean”. Atzerritarrak izaten dira ohikoenak Ixuaren kasuan, Herbehereak, Frantzia eta Belgikatik datozenak: “Iragaitzez etortzen dira, gau bateko egonaldia egitera eta bidea jarraitzera”. Espainiatik ere bisitari asko jasotzen dituzte, “hiru-lau gau pasatzera, Eibarrek duen kokapenak erakarrita”. Orain hasi dira deiak ere jasotzen, “estatutik, jakina, atzerrikoen kasuan agintariek hartzen dituzten erabaki eta neurrien araberakoa izango baita”. Hala ere, atzerritarrak etortzea “aurten oso zail” ikusten du Azpillagak, “batzuk oraindik euren erreserba kantzelatu ez badute ere”. Eskaintza berriak ere martxan ipini behar izan dituzte Ixuakoek, prezioak-eta jaitsiz. Aurreikuspen handirik ez da ausartzen egitera, baina espero du uztaila amaierarako “zeozer argitzen joatea”.  Goiko aragazkian ikus daitekeenez, aurreko otsailean Eusko Jaurlaritzako eta Debabarreneko Udaletako ordezkarien bisita jaso zuen “Txikitasunetik Handi” proiektuan parte hartu duen Ixua Hotelak.

Sosolan ere ekiteko prest
Sosola landa-turismoko hotela 2002tik dago martxan, Amañatik gora dagoen XVI. mendeko monumentu historikoan. Ia urte osoan izaten ditu beteta bere logelak eta gune berde eta menditsuez gozatzeko aukera eskaintzen die bisitariei. Esther Gisasola da bertako arduraduna eta gaur egungo egoerak sortutako zalantzei zelan egin aurre asmatu nahian aurkitu dugu. “Martxoaren 12an laga behar izan genion zerbitzua eskaintzeari. Erreserba piloa genituen ordurako, egunero beteta, urrira arte bai gutxienez”. Ordutik geldirik dago asuntua: “Eibartik Eibarrera ez dira etorriko ba? Zortzi-bederatzi egunetarako lotutakoak ere kantzelatu egin behar izan ditugu”. Geldialdi honetan, dena dela, ez dira besoak gurutzaturik egon, eta eguzki-plakak ipintzeko baliatu izan dituzte egunok. “Lehen ura berotzeko genuen bakarrik, baina kontsumoa ere handitzen joan da eta fotoboltaikoak ipini ditugu orain”.

Bestela, Debabarreneko beste landa-turismoko jabeekin ere izan da harremanetan eta, dioenez, “guztiok gaude antzerako bidegurutzean: inongo ziurtasunik ez dugu lanean hasteko, ez dakigu nondik nora joko duen kontuak. Krisia ez da joan, hemen dago, gure artean”. Hainbat arazo ikusten ditu “hasten garenerako. Guk buffeta ere prestatzen dugu: jaki gozoak, gaziak eta kafearekin… horko protokoloak… gauza asko dira zalantza sortzen dutenak”.

Abuztuan Espainiatik etorritako bisitariak jasotzen baditu ere, “urtean zehar atzerritarrak izaten dira nagusi, mundu guztitik datozenak gainera”. Iparraldetik jende asko datorrela dio Estherrek, eta ez ditu ahaztu nahi “alemanak eta ingelesak. Hona datozenak orokorrean lau-sei egunerako etortzen dira”. Hainbat toki eta ibilbide ezagutzeko proposamena jasotzen dute Sosolan bertan eta bisitariek asko eskertzen dute hori. Bestalde, ez pentsa jendeak telefonoz edo zuzenean jotzen duela bertara: “Booking bilaketa plataformaren bidez jartzen dira gurekin harremanetan batez ere, bertan gure bezeroek egindako iruzkinak eta agroturismoaren kalitateari eskainitako puntuak jasotzen baitira”. Horko azken emaitzek 9’3ko puntuazioa eman diote Sosolari, goi mailan kokatuz mundo mailan. Normalean atseden pixka bat izaten badute ere neguan, aurtengoa ikusteko dago.

Hori bai, gure herriaren edertasuna zalantzan jartzen duten horiek ez lukete halakorik izango Sosolan edo Ixuan gaua bertan pasatuko balute.

Sosola landa-turismoko hotela 2002tik dago martxan, Sosola landa-turismoko hotela 2002tik dago martxan,