Herritar mordoa mobilizatu ziren zapatuan, Zaldibarren gertatutakoaz erantzukizunak eskatzeko

Herritar mordoa mobilizatu ziren zapatuan, Zaldibarren gertatutakoaz erantzukizunak eskatzeko
2020/07/06 eta kitto!
Gaur betetzen dira bost hilabete Verter Recycling 2002 SM enpresaren Zaldibarko zabortegia amildu eta bertan beharrean ari ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik eta, harrezkero hamaika alditan egin den bezala, zapatuan herritar mordoak zeharkatu zituen Eibarko kaleak, gertatutakoaren inguruan protesta egiteko. Untzaga plazatik abiatu aurretik, Jokin Bergara Zaldibar Argitu plataformako bozeramaileak gertatutakoaren inguruan erantzukizunak eskatu zituen, “higiene demokratiko hutsagatik” dimisioak egon behar direla azpimarratuz. Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazioa LAB, ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin egin zen eta, eibartarrak ez ezik, Euskal Herriko beste toki batzuetatik etorritako ehundaka lagun bildu zituen. Lasai bete zuten ibilbidea, baina tarteka, isiltasuna apurtzen, “Zaldibar argitu!” eta “Arriola dimititu!” esaldiak oihukatu zituzten. Untzagara bueltan, plataformako ordezkariek komunikatua irakurri zuten eta, ekitaldia ixteko, Maite Arroitajauregi, Zaloa Urain, Miren Narbaiza eta David Karba musikariek zuzenean jo zuten Zaborrezko Munstroa, auzi honen inguruan salaketa egiteko sortutako kantua. ARGAZKI ALBUMA GURE MEDIATEKAN IKUSGAI DAGO.

https://youtu.be/AcnOKLMO5P8

 

https://youtu.be/ObplOfMOVsI