Herritarren artean kontsumo arduratsua hedatzeko asmoz azoka antolatu du Egoaiziak zapaturako

Herritarren artean kontsumo arduratsua hedatzeko asmoz azoka antolatu du Egoaiziak zapaturako
2020/10/16 eta kitto!
Egoaizia GKEEak Kontsumo Arduratsuaren azoka antolatu du bosgarrenez. Bihar goizean egingo da, Untzagan, goizeko 10:00etatik aurrera, 14:30ak arte. Ekimena Eibarko Udalak eta Kutxa Fundazioak finantziatzen duten gizarte eraldaketarako Hezkuntza Proiektuaren baitan garatuko da eta, antolatzaileen berbetan, “pandemia sasoian kontsumo arduratsua praktikatu goiburuari jarraituz, gizarte justizian eta ingurumenaren kontserbazioan oinarritutako beste kontsumo modu bat ezagutzera eman nahi dugu”. COVID-19 dela-eta, azokan osasun eta segurtasun neurriak zainduko dituztela azpimarratu dute.

Beste urte batzuetan bezala, hainbat talde eta elkartek hartuko dute parte azokan: Fiare banku etikoa, Aza ta Porrua kontsumitzaile elkartea, bidezko merkataritza produktuak eskainiko dituen Kidenda, Ardilanak-en artisautza naturala, artisau eran egiten den Baobeer garagardoa, Sosola baserriko ogia eta gazta, Mañeko-Azpiren gozogintza, EkoModoren artisautza produktu ekologikoak eta Eibarko Ingeniaritza Eskolako Energia Berriztagarrien gradukoek erakutsiko dituztenak bilduko dituzte biharko ekitaldian, besteak beste. Aurten, gainera, partaide berriak egongo dira: Tologorriren marmelada eta zuku ekologikoak, Tierra, tijera y papel-en paper birziklatua eta artisau erako enkuadernatzeak, Kaitxoren txokolate eta kafeak, bizikletak konpontzeko tailerra Eibarko Klub Deportiboko txirrindularien eskutik, eta Berexi eta Guby dendako diseinu eta marka ekologikoak.

Azoka girotzeko, bestalde, elkarrizketak egingo dizkiete parte-hartzaileei eta haurrentzat ipuin-kontalari saioak eskainiko ditu Basotik Basorak, EnEKO baserritarraren istorioekin (lau saio egingo ditu, 12:00etatik 13:30era eta, aforoa zaintzeko, aurretik eman beharko da izena egoaizia@egoaizia.org helbidean). Bestalde, Egoaiziak antolatu duen III. Argazki Lehiaketako lanen erakusketa eta pobreziaren kontrako beste bat ikusi ahal izango dira. Eta, nahi izanez gero, erabiltzen ez dituzuen telefono mugikorrak eraman ditzakezue. Argazki lehiaketako sari-banaketa 14:00etan izango da eta 14:30ean, berriz, bidezko merkataritzako produktuen otarra zozketatuko dute.