“Horian zer?” gidak edukiontzi horian zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez azalduko die eskualdeko herritarrei

“Horian zer?” gidak edukiontzi horian zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez azalduko die eskualdeko herritarrei
2021/03/22 eta kitto!
Abian da “Horian zer?”, edukiontzi horian zein hondakin utzi daitezkeen eta zein ez erakustea helburu duen kanpaina. Josu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “azaroan egindako azterketa batek erakutsi zuen edukiontzi horian hainbat hondakin desegoki agertzen direla gure eskualdean. Horrek birziklatze-prozesuan eragiten dituen arazoak aztertu ondoren, erabaki dugu herritarrengana jotzea “Horian zer?” gidaliburu hezitzailearekin. Garrantzitsua da gutako bakoitzak jakitea eta ulertzea edukiontzi bakoitzera zer bota daitekeen eta zer ez gure ohiturak zuzentzeko, batzuetan ezjakintasuna baita oker birziklatzeko faktoreetako bat.” Martxoaren 22tik 28ra arte iraungo du kanpainak.

“Horian zer?” gidaliburu hezitzaileaeskualdeko etxe guztietara banatuko da aste honetan, elebitan. “Batzuetan ezjakintasuna da oker birziklatzeko faktoreetako bat, horregatik sortu dugu gidaliburu esplikatiboa Ecoembes-ekin batera. Bisualki eta irudien bidez, erraz ulertzeko moduan azaltzen dira horira bota daitezkeen ontzi arinak eta bota ezin daitezkeen gainerako plastikoak. Esaterako, ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak (etxeko plastikozko tresnak edo tupperrak, adb.) ezin dira edukiontzi horian utzi. Helburua da eragina izatea eta herritarrek birziklatzerako orduan hobeto identifikatzea edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez”, azaldu dute.

Eibarko edukiontzi inguruetan informazioa
Agifes elkartearekin ere bat egin du Mankomunitateak kanpaina honetan. Elkarteko kideak Eibarko Urkizuko eta Toribio Etxebarriako anbulategiko edukiontzi guneetan egongo dira asteartean, asteazkenean eta ostiralean 11:30etatik 13:00etara herritarrei informazioa helarazteko eta birziklatzean dituzten zalantzak erantzuteko.