Ibilaldi osasungarriak eta erretzeari lagatzeko terapia eskainiko ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak

Ibilaldi osasungarriak eta erretzeari lagatzeko terapia eskainiko ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak
2022/04/19 09:34
eta kitto!
Aste Santuko jai egunak igarota, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak berriz ere ekingo dio oinezko ibilaldi osasungarrien programari Debabarrenean. Herritar guztientzako jarduera da eta asteartero 10:00etan izango da, elkarteak Eibarren duen egoitzatik abiatuta (Ardantza kalea, 11).

Astero, 5 kilometro inguruko ibilbidea egingo da eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Arduradunen berbetan, “jarduera honen helburua pertsonen artean bizimodu osasungarriak sustatzea da, minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten lagun dezaten”.

Doako ekimen honi buruzko informazioa www.contraelcancer.es/es/ibilaldiak helbidean kontsultatu daiteke.

Erretzeari uzteko terapia

Bestalde, apirilean hasiko dira Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak antolatzen dituen erretzeari lagatzeko taldeak. Ekimen hori tabakismoan aditua den psikologo batek burutuko du eta, adierazi dutenez, “8 asteko doako terapia honek %60ko arrakasta-tasa du”.

Terapia online edo modu presentzialean jasotzeko aukera dago. Arreta ahalik eta gehien pertsonalizatzeko, aldez aurretik elkarrizketa bat egingo da, kasu bakoitzean erretzeari uzteko modurik onena zein den. Terapia horren ordutegiak eta zehaztapenak www.contraelcancer.es/es/tabakoari-agur webgunean begiratu daitezke. Erretzeari uzteko terapian izena emateko azken eguna apirilaren 30a izango da. Izena eman nahi dutenek 943 45 77 22 telefonora deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidali ahal izango dute.