Idoia Cortes: “Etorkizuna guretzat ez da erraza izango, eta ez dakit gutako askok honi guztiari aurre egin ahal izango diogun”

Idoia Cortes: “Etorkizuna guretzat ez da erraza izango, eta ez dakit gutako askok honi guztiari aurre egin ahal izango diogun”
ETA KITTO 2020, Api 10

Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia.

Pissa zapata-dendak 23 urte bete berri ditu, eta konfinamenduak bete-betean harrapatu du urtebetetzea. Egoera gazi-gozoa izango da, ezta?
Bai, aurtengo urtebetetzea erabat ezberdina izan da. Alde ona zera da, urteurrena ateak itxita ospatu dugun arren, mezu asko jaso ditudala bezero eta eibartar askoren aldetik, euren babesa eta hurbiltasuna adieraziz, eta horrek asko animatu nau. Alde txarra, berriz, aurrera begirakoa: beteko ote ditu dendak 24 urte? Gaur egun, hainbeste gasturi aurre egin behar izanda, zaila da dirua aurreztuta izatea, etekinak ez direlako oso handiak. Esango nuke dendari gehienon kasua dela. Beraz, etorkizuna guretzat ez da erraza izango, eta ez dakit gutako askok honi guztiari aurre egin ahal izango diogun. Momentu honetan, ezjakintasuna da nagusi gure artean, ez dakigulako noiz ireki ahalko ditugun ateak. Dendak ordaindu beharreko generoz beteta dauzkagu, baina saldu gabe, ez da erraza. Nire kasuan, esaterako, hainbat bota itxi ditut salgai, eta seguruen, denda ireki orduko, berandu izango da horiek erosteko. Horixe da gure arazorik handiena, generoarena; saldu ezean, biltegian pilatuta geratzen zaigu-eta.

Zer dakarkie alarma-egoera honek denda txikiei?
Hitz batean esanda, guretzako galbidea da egoera hau. Izan ere, autonomo kuotak eta bestelako gastuak ere ordaintzen jarraitu behar dugu, inolako diru-sarrerarik izan gabe. Ea Eusko Jaurlaritzak gure egoera kontuan hartu eta diru-laguntzarik ematen digun.

Zure kasuan, adibidez, baliabiderik baduzu online lan egiteko?
Kasualitatez, web orria sortzearena buruan daukat udaz geroztik. Eta horretan lanean ari da nire semearen lagun bat. Ni ez naiz ondo moldatzen teknologiaren munduarekin, eta, gainera, ez dut gustoko, hutsaren hurrengoa naiz arlo horretan. Baina egoera honek erakutsi dit ahulezia horri aurre egin behar diodala, eta argi daukat buru-belarri jarri behar naizela ikasten. Ea horrela online bidez saltzen hasten naizen! Egia esan, nire produktuak, zapatak edo oinetakoak, probatu gabe saltzea zaila ikusten dut, baina badirudi hori dela etorkizuna, beraz, oraindik 15 urte geratzen zaizkidanez erretiratzeko, ezinbestekoa dut bide hori ere jorratzea.

Ez da erraza izango osasun eta ekonomia krisi honetatik irtetea. Nola ikusten duzu denda txikien etorkizuna?
Jendeak badaki gure egoera latza dela, eta egun hauetan jaso dudanagatik, argi daukat laguntzeko prest dagoela, eta erantzun positiboa izango dugula herritarren aldetik. Gainera, esango nuke oraingoan merkataritza-guneek baino errazago izango dugula aurrera egitea (ez badigute online bidezko lehia handirik egiten); izan ere, gure dendak gune handiak baino lehenago zabalduko direla uste dut, eta horrek aurrera egitea ahalbidetuko digu.

Une zailetan elkarlana funtsezkoa dela diote. Batera ari zarete lanean dendariok irtenbidea topatu nahian?
Oro har, dendari bakoitzak bere interesen arabera jokatzen du, sektoreak ezberdinak baitira, eta zaila izaten da ados jartzea. Esate baterako, duela pare bat aste proposamen bat egin nuen dendarien elkartean, aurtengo udako beherapenak abuztura atzeratzeko, eta askoren partetik ezezkoa jaso nuen. Oso zaila da denok bat egitea. Publizitate kontuetarako ondo etortzen zaigu batera aritzea, baina beste zenbait kontutarako, ezinezkoa da batasun hori lortzea.

Covid-19ak sortutako egoera honek badu alde onik?
Komertzialki, lanari begira, alegia, ez diot alde positiborik ikusten. Baina, lehen aipatu bezala, egia da nire ahuleziak (teknologiarekin lotutakoak) zein diren ikusi eta haiek lantzeko aukera eman didala. Pertsona gisa ere aberasteko balio izan didala uste dut.

Zein mezu helarazi nahiko zenieke eibartarrei?
Ni ez naiz inor jendeari esateko zer egin behar duen. Norberak ikusiko du zer egin behar duen. Denek ezagutzen dute zein den gure egoera, eta lagundu nahi duenak hortxe izango gaitu zain.

Pissa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »