Idoia Lahidalga: “Erronkariko emakumeen oroimenak denboran aurrera jarraitzea lortu nahi dugu”

Idoia Lahidalga: “Erronkariko emakumeen oroimenak denboran aurrera jarraitzea lortu nahi dugu”
2021/10/07 eta kitto!
Idoia Lahidalga Baglietto eibartarrak, Oihane Puertas Ramirez ikaskidearekin, 'Tenpraren guarpena' dokumentala sortu du. Bertan, Erronkariko emakumeen bizipenak jaso dituzte, lau belaunalditako emakumeen testigantzak jasoz. Lahidalgak eta Puertasek Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazio Graduaren amaierako lan modura egin dute lana eta demaseko oihartzuna izan du. Gainera, dokumentalak Kimu Berri gradu bukaerako lanaren aurkezpen onenaren saria jaso du.

 

Dokumentalak nahiko izen bitxia du, ‘Tenpraren guarpena’. Zein da bere esanahia?

Tenpraren guarpenak denboraren oroimena esan nahi du erronkarieraz. Dokumentalaren izenburua erronkarieraz izatea nahi genuen, bertan Erronkari ibarreko XIX. mendeko emakumeen errealitatea erakusten dugulako eta sasoi hartan emakumeek erronkarieraz egiten zutelako. Horrela, euren berba egiteko modua errespetatu eta aldarrikatu nahi izan dugu.

 

Euskara batuarekin alderatuz, oso ezberdina da erronkariera?

Bai, ez du zerikusirik. Esaten dute zubererarekin nolabaiteko zerikusia duela, baina ezberdina da. Adibidez, tenpra berbaren esanahia deduzitu daiteke, baina hasiera batean nahiko arraroa egiten da erronkariera entzutea edo irakurtzea.

 

Erronkariera aldarrikatzeaz gain, izenburuak dokumentalaren esentzia batzen du?

Denboraren oroimena izendatu dugu, ez dugulako nahi emakume horren historia geldirik geratzea. Gainera, erronkarieraz gehien ezagutzen den esaldia zera da: “Guarpenari etzau akabatan trenpa”. Hau da, oroimenari ez zaio amaitzen denbora. Hori da lanak lortu nahi duenak, oroimenak denboran aurrera jarraitzea.

 

Dokumentalean sakonduz, zer bertan azaltzen duzuena?

Esan bezala, Erronkari ibarreko XIX. mendeko emakumeen errealitatea erakusten dugu. Hau da, ez dugu emakume bat aukeratu eta esan hau eta bestea egiten zituela. Ez. “Emakumeek zer egiten zuten?”, galderari erantzun diogu eta hori, azken neurrian, historia da eta gorde nahi izan dugu.

 

Lau emakume elkarrizketatu dituzue dokumentalean. Nola egin duzue aukeraketa?

Dokumentala Isabako Kurruskla Kultur Elkartearekin elkarlanean egin dugu. Gure ideiaren berri eman eta elkarlana proposatu genien, gradu amaierako lana enpresa edo erakunde batekin egin behar genuelako. Oso ideia ona iruditu zitzaien eta eurek esan ziguten zein pertsona izan zitekeen interesgarria elkarrizketatzeko. Testigantzak euskaraz jasotzea, belaunaldi ezberdinetako emakumeekin egotea eta Erronkari ibarreko herri ezberdinetakoak izatea nahi genuen, eta hori guztia kontuan hartuta egin genuen lau emakumeen aukeraketa.

 

XIX. mendeko emakumeen errealitatea saiatu zaretela aipatu duzu. Nola lortu duzue informazio hori sasoi hartan bizi ez ziren emakumeak elkarrizketatuz?

XIX. mendera hurbiltzeko ariketa izan da. Elkarrizketatu dugun emakume nagusienak 96 urte ditu eta bere bitarte XIX. mendeko bizimodua irudikatu ahal izan dugu gutxi gorabehera, mende horretako jendearekin harreman zuzena izan zuelako. Hala ere, galdera batzuei erantzuten zigun bere aurrekoei galdetu behar geniela (barreak). Beraz, ezinezkoa da XIX. mendeko norbait elkarrizketatzea, baina elkarrizketatu ditugun emakumeen bitartez sasoi hartako errealitatea islatu ahal izan dugu.

 

Elkarrizketatu dituzuen emakumeek erronkarieraz egiten dute?

Ez, erronkariera aspaldi galdu zen. Uste dut 1992. urtean hil zela erronkarieraz egiten zuen azken hiztuna. Dena dela, badaude liburuak eta testuak, eta baita erronkariera berreskuratu nahi duten pertsona ere. Toponimian eta ikonimian bizirik jarraitzen du, baina ez dugu erronkarieraz egiten duen hiztunik aurkituko.

 

Elkarrizketatuek nola hartu zuten unibertsitateko bi ikaslek eurengana jotzea?

Kurrusklarekin harreman estua dut, txikitatik Isabara joan naizelako eta etxea dudalako bertan. Txikitatik eurekin ibili naiz hainbat ekintza egiten, nire familia, Isabakoa izan ez arren, oso aktibo ibili delako bertako kulturaren eta ohituren berreskuratze lanetan. Orduan, niretzat aukera polita izan da eurei zerbait emateko eta eurek oso pozik hartu dute gure proposamena.

 

Elkarrizketatuen berbak jaso aurretik bazenekiten dokumentala nondik nora joango zen ala eurek kontatutakoak baldintzatu du zuen lana?

Bagenekien gutxi gorabehera pertsona bakoitzari zer galdetu eta nondik jo. Nagusienari, Brigidari, enarei buruzko gauzak galdetu nahi genion (enarak Zuberoara espartinak egitera joaten ziren neskak ziren) eta erantzun zigun bere ama enaretako bat izan zela, baina horri buruz galdetu geniogunean esan zigun ez zekizkiela gauza asko gai horri buruz. Beraz, beste galdera batzuk eginez inprobisatu egin behar izan genuen (barreak). Hala ere, orokorrean bagenekien pertsona bakoitzarekin zein gai tratatu eta gero, esaten zutenaren arabera, gidoia landu genuen.

 

Badago lau emakumeen istorioak lotzen dituen hariren bat?

Dokumentalaren hasieran enarak bailaratik nola irteten diren ikusten da eta, gero, herria nola geratzen den. Izan ere, gizonak eta neska gazteak kanpoan badaude, nor geratzen da herrian? Ama direnak, pertsona nagusiak eta gaixorik daudenak. Horretan zentratu gara.

 

Elkarrizketatuak herri ezberdinetakoak izanda, errealitateak ezberdinak direla ikusi duzue?

Ez, oso antzekoak dira. Adibidez, Bidankoze herria bailaratik nahiko urrun dago eta agian hor bizimodua gogorragoa izan zitekeen, baina beste herrietako errealitatea nahiko antzekoa zen.

 

Dokumentala amaitu ondoren, protagonistek nola ikusi dute emaitza?

Oso pozik daude lanarekin. Erronkari ibarreko zazpi herrietan aurkeztu genuenean emakume nagusiak etorri ziren batez ere, gizonak oso gutxi. Bitxia iruditu zitzaigun, dokumentalaren kartelean ez dugulako esaten emakumeen inguruko zerbait bakarrik denik, eta horrela izanda ere... Tira. Bestetik, emakume batzuk negar batean etorri zitzaizkigun, esker onez, eta demaseko lorpena da guretzat. “Dokumentalak amaren inguruko gauza asko gogorarazi dizkit”, esan zigun batek.

 

Horrelako oihartzuna izatea espero zenuten?

Bailarako jendea eskertuta egotea espero genuen, orain arte landu ez den zerbait landu dugulako, baina ez genuen espero jendea kanpotik etortzea lana ikustera. Azken neurrian, dokumentalak landa eremuko errealitatea kontatzen du, baina Erronkari ibarrean zentratu gara, eta ez dakigu zergatik interesatu zaion hangoa ez den jendeari.

 

Erronkari ibarretik kanpo ere ibili zarete lana aurkezten, ezta?

Urruñan eta Irurtzunen egon gara, eta gero Eibarren. Harrituta geratu ginen hemen izandako harrerarekin, hiru saio eskaini behar izan genituelako eskaerari erantzuteko. Gero, otsailean beste saio bat lotzeko asmotan gabiltza eta espero dugu Lasarten, Oihaneren herrian, egotea. Gainera, lehiaketetara aurkeztea ere gustatuko litzaiguke.