Ikasle gutxiagorekin hasi da ikasturtea Eibarren. Guztira 5.176 izango dira

Ikasle gutxiagorekin hasi da ikasturtea Eibarren. Guztira 5.176 izango dira
ETA KITTO 2019, Ira 13

Arrateko Jaiekin amaitu dira udako oporrak Eibarko ikasleentzat eta normaltasuna iritsi da etxeetara. Bixamon aurpegiak, irribarreak, barre-algarak, negarrak… Hasi da ikasturtea eta Eibarko ikastetxeetan izena eman duten 5.176 ikasleak prest daude erronka berriei aurre egiteko. Txikienen etapan, Haur Hezkuntzan 75 ume gutxiago izango dira ikasturte honetan.

Eibarren Ikasle kopurua murriztu egin da, jaiotza tasaren ondorioz. Eibarko unibertsitatez kanpoko 5.176 ikasle hasi dira eskolan aste honetan (Haur eta Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa), sare publikoan nahiz itunpeko edo kontzertatuan. Etapa guztiak kontuan hartuta kopuruak behera egin du (iaz 5.241 izan ziren). Jaiotza tasaren beherakadaren ondorioa da.
Hizkuntza ereduei erreparatuta, D eredua aukeratzen dute ikasle gehienek. Etapa guztiak kontuan hartuta, ikasleen %80k D ereduan ikasiko dute hasi berria den ikasturtean. Aurreko urteetan bezala, adinean gora joan ahala euskerak indarra galtzen duela adierazten dute datuek.
Ikasle kopurua murriztu egin da lehenengo aldiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, jaiotza tasa eskasaren ondorioz. Hori eman du aditzera aste honetan Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak. Antzeko joera erakusten dute Eibarren jaso ditugun datuek ere, eta badirudi datozen urteetan joera hori finkatu egingo dela.

65 ikasle gutxiago aurten
Eibarko unibertsitatez kanpoko 5.176 ikasle hasi ziren eskolan astelehenean, sare publikoan nahiz itunpekoan. Etapa guztiei begiratzen badiegu, kopuruak behera egin du, jaitsiera apala bada ere. Iazko datuekin alderatuta zehazki 65 ikasle gutxiago (-%1,24) egongo dira 2019-20 ikasturtean.
Jaiotza tasaren jaitsierarekin beherakada Haur Hezkuntzan  (2-5 urte) gertatu da bereziki. Aurten, Eibarren, 980 ikasle egongo dira HH-n, iaz baino 75 gutxiago. Lehen Hezkuntzan (6-12 urte), ikasle kopurua mantendu egiten da, 1.649 ikaslerekin. Hasierako etapa bi hauetako ikasle guztiek (2-12 urte bitartekoek) D ereduan, euskera hutsean jardungo dute.

enter DBHn iaz baino ikasle gehiago
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) igo da ikasle kopurua: iaz 1.110 izan ziren, eta aurten 1.154 izango dira (44 gehiago). Hizkuntz ereduari begiratuta, DBHko ikasleen %82k D eredua aukeratu dute, eta %18k B eredua. Proportzio hau iazkoaren antzerakoa da. Dena dela, datuak biltzerako orduan aurreratu digutenez, baliteke hurrengo ikasturtean, 2020-21ean, B eredua desagertzea eta, ondorioz, DBHko ikasle guztiak D ereduan egotea.

Adinean gora joan ahala euskera behera
Iazko ikasle kopuruarekin konparatuz gero, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan beherakada txikia eman da, bakoitzean 10 ikasle inguru gutxiagok jardungo baitute aurten. Batxilergoan 422 ikasle matrikulatu dira, eta 971 Lanbide Heziketako Zikloetan. Zenbakiei begiratuta ikusten da D eredua aukeratzen duten ikasleen portzentaia behera doala adinean gora egin ahala. Batxilergoan %75ek D ereduan ikasiko dute (dena euskaraz), eta %25ek A ereduan (dena erderaz). Aurreko urteetan bezala, Lanbide Heziketan (Armeria Eskolan eta UNIn) A ereduak nagusi izaten jarraitzen du, nahiz eta aurten beherakada somatzen den erderazko ereduan. Ikasleen erdiak baino gehiagok, %53k A eredua aukeratu dute (iaz %56 izan ziren), %28k D eredua eta %19k B eredua. Lanbide Heziketako zentroetatik ahalegin berezia egiten dihardute euskarazko adarrak bultzatzeko asmoz, “helburua da 10 urtetako epean ikasle guztien %75 D edo B ereduetan matrikulatuta egotea”.

ikasleak LH

Sare publikoan %67
HH, LH, DBH eta Batxilergoa kontuan hartzen baditugu, Eibarren familiek aukeratzen duten sareari dagokionez, berriz, %67k sistema publikoa aukeratu du eta gainerako %33k itunpeko edo pribatuaren aldeko hautua egin dute.
Ikasturte berrian pausu bat gehiago eman da herriko ikastetxe publikoetako DBH eta Batxilergoaren bateratzean. UNI Eibar-Ermua BHI-ko Batxilergoak Eibar BHI-n integratu dira. Ondorioz, UNI-ko hexagonoan zeuden batxilergoko gelak Jardiñeta kaleko institutuan egongo dira. Jardiñetan DBH-ko 3. eta 4. mailak eta Batxilergoak egongo dira, eta Mogel-Isasin, berriz, DBH-ko 1. eta 2. mailak.

Ikasleentzako diru-laguntzak
Ikasturte hasieran dauden gastuei aurre egin eta Eibarko merkataritza guneetan erosketak egitea indartzeko orain dela 19 urte martxan jarri ziren diru-laguntzak dira ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programak. 2 eta 15 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago lehena eta 16 eta 25 urte bitartekoentzat bigarrena, eta ikasle bakoitzak 60,10 euro jaso ditzake laguntza horien bitartez. Informazioa udalaren webgunean dago.

Grafikoa matrikulazioa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »