“Ikasleen bizitzak erdigunean” jar ditzatela eskatu dute Eibar BHI ikastetxean

“Ikasleen bizitzak erdigunean” jar ditzatela eskatu dute Eibar BHI ikastetxean
2020/11/11 21:47
eta kitto!
Eibarko Ikamak (Eibarko Ikasleria Martxan-ek) deituta, gaur goizean kontzentrazioa egin dute ikasleek Eibar BHI ikastetxeko jolastokian, COVID-19ak eragin duen egoeraren aurrean “ikasleen bizitzak erdigunean” jartzea aldarrikatzeko. Horren harira egin duten idatzian diotenez, “ikasturte berri desfasatuarekin hasi genuen kurtsoa, ikasturtea hasteko genituen baldintza txarrak salatu genituen eta ordutik egoera okerretik okerrera joan da. Neurriak berandu eta gaizki hartu dituzte, COVID-19 kasuen gorakada ikusi besterik ez dago. "Bigarren olatu" esaten dioten honen aurrean, agintariek desfasea berriz gure gainera bota dute eta, osasun krisiari errotik heltzeko asmorik gabe, gure eskubideak murrizteari begirako neurriak hartu dituzte”.

Ikasleen ustez pandemiaren aitzakiarekin kontrol soziala areagotu dute. Zentzu horretan, aurreko asteko gertakariak azpimarratu dituzte: “Aipatzekoa da aurreko ostegunean Ernai gazte antolakundeak deitutako mobilizazioetarako baimen eskaeran akats bat egitearren Untzagara ailegatzean aurkitu zuten presentzia polizial neurrigabea”.

Tabernak eta gazteen sozializaziorako beste gune guztiak itxi dizkietela-eta kexatzen dira, “osasunaz haratago ditugun behar sozial eta emozionalak kontuan hartu gabe eta, hori gutxi balitz, kalean sei pertsona elkartzeko muga jarri digute. Bitartean garraio publikoan jende pilaketa itzelak ematen dira eta ikasgeletan 30 pertsona ere elkartzen gara egunero. Gainera, gazteak kriminalizatzen jarraitu dute, COVID-19aren errua gurea balitz bezala”.

Horren aurrean, ikasleak antolatzen eta borrokan jarraituko dutela diote, “ikasleon bizitzak erdigunean jarriko ditugu eta gure aldarriak plazaratzen jarraituko dugu.
Ikasgeletako ratioak jeitsi behar dira, ez direlako segurtasun neurriak betetzen eta ez delako kalitatezko hezkuntza bermatzen, eta garraio publikoa indartu behar da, ikastetxera etortzeko garraio segurua nahi dugulako”.