IMHko ikasleek telepresentzia robota asmatu dute konfinatuta daudenei laguntzeko

IMHko ikasleek telepresentzia robota asmatu dute konfinatuta daudenei laguntzeko
2021/01/18 eta kitto!
Elgoibarko IMHn Digital Manufacturing Unibertsitate Master Duala eskaintzen dute. Enpresetan 4.0 Industriaren esparruan sortutako errealitate berriari erantzun nahi zaio horrekin, enpresek Fabrika Digitalaren ikuspegi globala izango duten profesionalak behar dituztelako. Ikasleek, prestakuntza akademikoaz gain, prestakuntza praktikoa jasotzen dute eta horrek buru-belarri jartzen ditu ikasteko orduan.

Ivan Arakistain eibartarrak Tecnalian egiten du lan eta irakaslea da Digital Manufacturing masterrean. “Industria Teknologien irakasgaia ematen dut”, diosku. Ikasturtean zehar ikasleekin hainbat proiektu egiten ditu, “gauza praktikoak eginez gehiago inplikatzen direlako eta, ondorioz, gehiago ikasten dutelako”, Arakistainen ustez.

Oraingoan, telepresentzia robota egitea bururatu zaie. “Erresidentzian lagunak ditut eta, konfinatuta daudenez, oso negu txarra pasa dute. Telekonferentziak egiten hasi ginen eta ikusi genuen eurentzat zein garrantzitsua den kanpoan daudenekin komunikatzea”, esan digu Arakistainek. Orduan, telepresentziarekin zerikusia duen zerbait egitea proposatu zien ikasleei.

Ideia Suediatik ekarri zuten. “Han antzeko zerbait egin zuten eta guk egokitu egin dugu”, dio irakasleak. Azkar gainera, IMHko ikasleek hilabetean gauzatu dutelako proiektua. “Gaur egun azkar egiten dira prototipoak”, diosku.

IMHn sortutako robota ikastetxeei eta ikasleei begira egin dute, “baina zaharren egoitzetan ikusi dut horrelako gailuen behar handia”, Arakistainek dioenez. Horrela, norbaitek robot hau egin nahi badu, robotaren diseinua eta berau sortzeko behar diren gauzak edonoren eskura jarri dituzte, libre. “Pandemiarekin hainbat ekimen jarri dira martxan teknologiaren bitartez elkarri laguntzeko (Covid Warriors, adibidez) eta eurekin partekatu dugu proiektu hau”, esan digu Arakistainek. “Honekin ez dugu negoziorik egin nahi”.

 

Bi erabilera mota

Telepresentzia robotak bi erabilera ditu. Batetik, robota urrunetik kontrolatu daiteke eta robotaren gainean kokatzen den gailuaren kameraren bitartez ikusi daiteke, mikrofonoaren bidez berba egin edo robotari toki batetik bestera mugitzeko agindu. Eta bestetik, gelako airearen kalitatea neurtzen du. “Horretarako propio (berariaz) prestatu dugun webgunean robotak gelaren tenperatura, hezetasuna, CO2 maila, VOC maila (airearen kalitate lurrunkorra) eta zarata neurtzen ditu momentu oro. Horrela, neurtutakoaren maila oso altua bada, leihoak ireki behar direla jakin dezakegu, koronabirusarekin kutsatzeko arriskua gutxitzeko. Komenigarriena da leihoak beti zabalik edukitzea, baina ezinezkoa bada (hotzagatik, adibidez), parametro hauek kontrolatuz badakigu noiz den egokiena leihoak zabaltzea”, Arakistainek kontatu digunez.

Lehen erabilerari dagokionez, oso erraz kontrolatu daiteke robota norberaren etxetik. Guk geuk, ‘…eta kitto!’-n, proba egin dugu eta robota urrunetik erabili dugu. Hasteko, horretarako bereziki prestatutako webgunean izena jarri behar da eta, aurretik robotean izen hori jarrita dagoenez (horrela izan behar du behintzat), robotarekin lotura egiten da. Hori eginda, erabiltzaileak robotaren kontrola hartzen du eta bere pantailan (ordenagailuan, tabletean…) kontrol-panela agertzen da. Pantaila horretan robotaren kamerak igortzen dituen irudiak ikusi daitezke eta robotari aginduak emateko botoiak agertzen dira alboetan (aurrera edo atzera joan, berba egin, idatzi, eskua altxatu, biratu…). “Agian sentsore batzuk jarri beharko dizkiogu, mahai gainetik ez jausteko edo edozein gauzarekin talka ez egiteko”, dio irakasleak, baina bestela prest dago.

 

3D inprimagailuarekin egina

Etxean konfinatuta dagoenak interneterako sarbidea eta nabigatzeko gailua besterik ez du behar robota erabiltzeko; eta, beste aldean (eskolan, zahar-egoitzan edo dena delakoan), robotak mugikor edo tableta eramango du soinean. Ez da besterik behar. Bateriari dagokionez, Power Bank bat du instalatua, eta egun osoko karga ematen dio robotari. “Gauean kargatzen da eta kitto, telefono mugikorrekin egin ohi dugun bezala”, Arakistainek dioenez.

Plastikozko robota da eta IMHko 3D inprimagailuekin sortu dute. “Fabrikazio Aditiboko zentroa dute han, eta guk piezen diseinua egin, inprimatu, montatu eta robota martxan jarri dugu”, dio irakasleak. “Ez da material berezirik behar”, dioenez. Beraz, ez da dirutza gastatu behar robota egiteko. “Robota sortzeko kostua 120 euro ingurukoa da”, Arakistainen arabera.

Momentuz robot bakarra sortu dute, baina aurretik aipatu bezala, bakoitzak berea sortzeko aukera eman dute Arakistainek eta bere ikasleek. Proiektuaren inguruan gehiago jakiteko, robotak nola funtzionatzen duen ikusteko edo robota sortzeko behar dena eskuratzeko, iarakis.github.io web orrian aurkitu daiteke informazio gehiago.

Robota