Inoiz baino erabiltzaile gehiago kanpoko igerilekuetan

Inoiz baino erabiltzaile gehiago kanpoko igerilekuetan
2015/09/16 eta kitto!

Ia 45.000 erabiltzaile izan dituzte kanpoko igerilekuek joan zen asteburuan amaitu zen denboraldian: zehazki 44.485, Eibarko Kirol Patronatotik jakinarazi dutenez. Kopuru horrekin, batazbeste egunero 470 izan dira Ipuruako instalazio horiek erabili dituztenak. Jakina, eguraldi onak lagunduta heldu dira kopuru horietara, Felipe Zamakola Patronatoko zuzendariak argi adierazten duen moduan: “2011n instalazioak handitu eta gero, orain dela urte bi -2013an- 44.300 lagun izan genituen igerilekuetan. Aurten, gutxiagatik izan bada ere, kopuru hori gainditu dugu batez ere uztailean izan genuen eguraldiari esker, hilabete horretako erabiltzaileen iazko kopurua bikoizteraino. Iraila, ordea, oso kaskarra izan da guretzat: 13 egunetan 878 erabiltzaile, iaz 14 egunetan 9.000 izan genituenean. Aurtengo iraila iazkoaren pare ibili balitz, orduan bai marka!”. Honakoak izan dira aurreko urteetako erabiltzaileen kopuruak: 2014an, 38.000; 2013an, 44.300; 2012an, 41.700; 2011n, 28.500; eta 2010ean, 40.700.