Ipuruako Merkatu Plaza auzoko elkargune bihurtzeko parte-hartze prozesua asteazkenean hasiko da

Ipuruako Merkatu Plaza auzoko elkargune bihurtzeko parte-hartze prozesua asteazkenean hasiko da
2020/02/03 eta kitto!
Ipuruako Merkatu Plaza auzoko elkargune bihurtuko da. Eibarko Udalak, apirilaren amaieran egindako udalbatzan, aho batez onartu zuen auzotar talde batek aurkeztutako egitasmoa, eta orain eraikina zertarako eta nola erabiliko den zehazteko unea da. Horretarako parte-hartze prozesua hastera doa: asteazken honetan. otsailaren 5ean, izango da lehen bileria irekia eta, bertan, herritar guztiek ahotsa izango dute. “Ipuruako merkatu plazaren birgaitzea” auzotarrek pentsatu eta bultzatutako proiektu intergenerazionala, anitza eta irekia da.  

Auzotarrek eta udalak deia egin dute otsailaren 5ean,  asteazkena, 18:00etatik aurrera Ipuruako merkatuaren eraikinean bertan egingo den bileran parte hartzeko. Gaur egun hutsik dagoen eraikin horrek potentzialitate handia daukala uste dute auzotarrek, eta horregatik indarrak batu eta eraikinari erabilera desberdinak emateko proposamenak entzun eta aztertuko dira.

“Ipuruako merkatu plaza: Auzoko gunea” auzotarren ekimenez sortutako proiektua da, “herritarrok herritarrontzako” pentsatutakoa. Horretan jardun dute, besteak beste, Nerea Mendikutek eta Maialen Araolazak. “Erabilera anitza eta intergenerazionala oso aberasgarria dela uste dugu; horregatik Ipuruako merkatua izandakorako adin eta funtzio desberdinak biltzen dituen zentru edo elkargune bat proposatzen dugu. Txosten bat aurkeztu genuen udaletxean, merkatu plazaren eraikinak dituen aukerak eta bertan egin daitezkeen jarduerak azalduz. Udalak bat egin du ideiarekin eta herritarrek erabaki horretan ahotsa izan dezaten nahi du. Horretarako prozesu parte-hartzailea ireki da”.

Auzotarrentzako topagune eta aisialdi hezitzailerako gune bizia sortu nahi dute denon artean. Horretarako hiru saio egingo dira; lehenengo bilera irekian espazioak eta erabilerak zehaztuko dira, hau da, jendeak zer nahi duen eta zein erabilera aurreikusten dituen. Hurrengo bietan antolaketez eta kudeaketaz jardungo dute. Horrez gain, zentroaren filosofia edo balioak ere zehaztu beharko dira: “Beste leku batzuetako esperientziak ikusten egon gara eta asko gustatu zaigu Gernikako Astraren eredua, dauzkan balioengatik, izan duen bilakaeragatik eta, batez ere, emaitzak oso aberasgarriak direlako”.

Parte-hartzearen garrantzia
Prozesuan eta eguaztenean egingo den bileran jendearen parte-hartzea ezinbestekoa dela diote Maialenek eta Nereak. “Orain da gauzak egiteko momentua, eta denon atean egiten badugu aberatsagoa eta emankorragoa izango da, zalantza barik. Proiektu anbiziosoa da, baina emaitza aberasgarriak eskaintzen dituena. Guk egin duguna lehen bultzada ematea izan da, eta hemendik aurrera ikusiko dugu zer geratzen den. Baikorrak gara, oso proiektu polita dela iruditzen zaigulako eta jendeak babesa eman nahiko diola uste dugu (babes hori argi ikusi zen egin genituen 400 inkestetan)”.

 

Ipurua merkatu plaza (15) Auzoko elkargunea auzotar guztientzako egongo da zabalik. Espazio intergenerazionala, anitza eta irekia nahi dute. Argazkian, Maialen Araolaza eta Nerea Mendikut

 

Potentzial handia
Belaunaldi arteko espazioa, anitza eta irekia nahi dute. “Jendeari ikusarazi nahi diogu aukera handiak dituela, potentzial handia daukala. Saio ireki hauekin benetako parte-hartzea nahi dugu, hau da, jendeak bere ideiak eta proposamenak lasai azaltzeko lekua izan behar du. Egitasmoaren ezaugarri garrantzitsua da behetik gora egin dela, eta izaera hori ez dugu galdu nahi”, adierazi dute. Beraz, herritarrei animatzeko eta bilerara joateko eskatu nahi diete. Bileran edozeinek har dezake parte, eta haurrak zaintzeko zerbitzua egongo da Jazinto Olabeko ludotekan.
Hurrengo bilerak martxoan eta apirilean egingo dira eta orduan zehaztu beharko da gestioa. Hiru aukera daude mahai gainean: autokudeaketa, Udalak kudeatzea edo eredu mixtoa. Nerea eta Maialenen ustez, “bien arteko kudeaketa interesgarria izan daiteke, baina guk nahiago dugu autogestionatua izatea”.

Araolazak eta Mendikutek landutako txostenaren arabera, beheko solairuan taberna eta bertoko nekazaritza produktuen salguneak egotea gustatuko litzaieke, eta lehenengo solairuan egitura mantenduko litzateke: “Perimetroan gela txikiak daude eta erdian espazio handi bat dago. Haur eta helduentzako era askotako jarduerak egin daitezke: bilerak, jolas-guneak, tailerrak, ipuin kontaketak, liburutegia, erakusketak, hitzaldiak… Antzerkirako eszenatoki txiki bat muntatu daiteke eta kontzertuetarako gune egokia ere izan daiteke. Jubilatuek ere hor izan dezakete euren txokoa goizean egunkaria lasai irakurtzeko. Eta haurrentzako neguan gustora egoteko lekua izan daiteke. Azken batean, herritarrek herritarrentzako proposatutakoak dira.  Aukera guztiak mahai gainean jarri nahi ditugu, eta gero joango gara ikusten, ditugun baliabideen arabera”.

Eraikuntzak daukan balio historiko eta arkitektonikoaz gain, “badago beste gauza bat azpimarratu nahi duguna: atea zabaldu eta berdegunea daukan eraikin publiko bakarra da Eibarren. Espazio berdea pegatuta dauka eta horrek aukera asko ematen ditu, gehienbat udan kanpoan egin daitezkeen gauzei begira”. Buruan daukaten beste balioa jasangarritasun energetikoarena da. “Hau eredu bat izatea gustatuko litzaiguke. Ondo isolatuta, kontsumo energetiko baxuarekin, eta behar den energia bertan ekoiztea gustatuko litzaiguke”.

jarduerak Aukera guztiak mahai gainean jarriko dira, eta denon artean erabakiko da eraikinaren erabilera. Proiektua egiteko beste herrietako ereduak aztertu dituzte.

 

Eraikin historikoa
1950eko urtarrilean, Eibarren zegoen etxebizitza-arazo larria zela eta, lursailak erosteko erabakia hartu zuen Eibarko Udalak, eta “Obra Sindical del Hogar” delakoari laga zizkion, erakunde horrek, Carlos Larrañaga Taldearen ereduari jarraituz, etxebizitza babestuen multzo bat egin zezan, eta baita, zerbitzu osagarri gisa, Merkatu Plaza, eskola, eta komentu-eliza ere. Bi urte geroago, 1952ko otsailaren 21ean, erabaki hori bertan behera utzi zuten, eta Udalak berak hartu zuen enkante bidez obra horiek egiteko ardura. Joaquin Dominguez Elosegui ingeniariari proiektua idazteko ahalmena eman zion.
Eraikinari buruz udal-artxibotik jasotako deskripzioak   horrela dio:
- Beheko solairuan, 305,60m2 proposatzen ditu.
Lur gorabehera dela eta, hego-ekialdeko partea geratzen da erdi-lurperatuta. Iparra partean, 46,40m2-ko atondo bat, lau arraindegi, 15,68m2-tako biltegi bat, eta lehen solairura eramaten gaituen eskailera.
- Lehenengo solairuan, 325 m2. Sarrera nagusia mendebaletik eskailera zentral handi batekin eta alde bakoitzera ate bana. Areto nagusian, erdian, kokatzen ditu baserritarrak, barazki, esne eta lora salmentarako. Horiek inguratuz daude laborategiak, haragi eta hegazti salmenta postuak, komunak eta beheko solairura jaisteko eskailera.

merkatua argazki zaharra copiaargazki zaharra2 copia