Ipuruako merkatu plazaren erabilera adosteko hirugarren saio irekia egingo da urriaren 21ean

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Ipuruako merkatu plazaren erabilera adosteko hirugarren saio irekia egingo da urriaren 21ean
ETA KITTO 2020, Urr 09

Ipuruako Merkatu Plaza auzoko elkargune bihurtzeko parte-hartze prozesuak aurrera jarraitzen du, eta urriaren 21ean egingo dute herritarrei irekitako hirugarren saioa. Hitzordua Ipuruako Merkatuko eraikinean bertan izango da, 18:30etik 20:00etara. “Ipuruako merkatu plaza: Auzoko gunea” ekimenaren helburua auzotarren eta eibartarren topaleku izatea da, adin guztietako herritarrentzako aisialdi hezitzailea oinarri moduan hartuta.

COVID-19ak eragindako egoera dela eta, urriaren 21ean egingo duten saioaren edukiera mugatua izango da. Hogei lagunentzako lekua aurreikusita dago eta parte hartu nahi duten herritarrek alkatetza@eibar.eus helbidera idatzi beharko dute urriaren 19rako . Baieztatutako jende kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa balitz, beste leku bat aukeratuko litzateke bilera segurtasun-neurri guztiekin egin ahal izateko.

Bileraren helburua prozesua ixtea izango da, eta landuko diren gaiak hauexek izango dira: ekimenaren xedea eta balioak aurkeztea eta berrestea; espazioaren banaketa-proiektua finkatzea; eta antolaketa eta eman beharreko hurrengo pausoak zehaztea.

Auzotarren topaleku
“Ipuruako merkatu plaza: Auzoko gunea” proiektua bultzatzen duen auzotar talde baten ekimenez, Ipurua auzoko merkatu zaharra birgaitzeko prozesua urte hasieran abiatu zen. Ekimenaren helburua “eraikin hau auzotarren eta eibartarren topaleku izatea da, adin guztietako herritarrentzako aisialdi hezitzailea landuko duen gune irekiaren bidez”. Prozesu parte-hartzailea aurrera eramateko Emun Aholkularitza kontratatu du Eibarko Udalak, “eraikinaren erabilerarako aukerak zehazteko, eta espazioa dinamizatzeko eta antolatzeko ereduak definitzeko helburu nagusiekin”. Orain arte bi saio ireki egin dituzte eta urriaren 21ekoa azkena izango da.

Aurreko saioetan herritarrek hainbat erabilera eta jarduera-mota jarri dituzte mahai gainean: tokiko produktu ekologikoen kontsumo taldea, aisialdia familian, gazteentzako espazio alternatiboa, edoskitze taldea, irakurketa-gunea, zine-kluba, tailerrak, ikuskizunak, musika… Guraso Eskola eta antzerkia bezalako jarduerak dagoeneko martxan daude.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »