Ipuruako merkatu plazaren eraikinaren erabilera adosteko prozesu parte-hartzailea abiatuko da otsailean

Ipuruako merkatu plazaren eraikinaren erabilera adosteko prozesu parte-hartzailea abiatuko da otsailean
ETA KITTO 2020, Urt 22

“Ipuruako merkatu plaza: Auzoko gunea” proiektua bultzatzen duen auzotar talde baten ekimenez, Ipurua auzoko merkatu zaharra birgaitzeko prozesua abiatuko da datozen asteotan. Ekimenaren helburua “eraikin hau auzotarren eta eibartarren topaleku izatea da, adin guztietako herritarrentzako aisialdi hezitzailea landuko duen gune irekiaren bidez”. Prozesu parte-hartzailea aurrera emateko Emun Aholkularitza kontratatu du Eibarko Udalak, “eraikinaren erabilerarako aukerak zehazteko, eta espazioa dinamizatzeko eta antolatzeko ereduak definitzeko  helburu nagusiekin”.

Parte hartu nahi duten herritarrei irekitako hiru saio egingo dira, Ipuruako Merkatuko eraikinean bertan, 18:00etatik aurrera. Topaketa guztietarako, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du Udalak Jazinto Olabe ludotekan bertan. Lehenengo saioa datorren otsailaren 5ean egingo da “prozesuaren kokapena eta helburuak zehaztu, proiektuaren balioen lanketa egin eta eraikinaren erabilerarako aukerak eta beharrak zehazteko helburuekin”.

Beste bi saioak martxoan eta apirilean izango dira, nahiz eta aurreikuspen honek aldaketak izan ditzakeen prozesua gauzatzen den heinean. Saio horietan “antolaketa eta funtzionamenduaren oinarriak zehaztuko dira, eta, azkenik, kudeaketarako eta antolaketarako proposamena definitu, eta eraikinaren erabilerarako oinarriak adostu”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »