Iraunkortasun Faktorearen kontra protesta egiteko manifestazioa hasiko da gaur 12:00etan Untzagan

Iraunkortasun Faktorearen kontra protesta egiteko manifestazioa hasiko da gaur 12:00etan Untzagan
2021/03/22 eta kitto!
Eibarko Pentsionisten Taldeak manifestazioa deitu du gaurko, 12:00etan Untzagan hasita. Azaldu dutenez, “pentsiodunoi eragiten diguten gai desberdinak astero jorratzeko helburua ipini diogu geure buruari eta, dinamika horri jarraituz, asteleheneko mobilizazioan Iraunkortasun Faktorearen gaiari helduko diogu”.

Gogora ekarri dutenez, “2013. urtean Alderdi Popularraren Gobernuak onartu zuen lege-dekretua 2019an martxan jartzeko asmoa zegoen, baina pentsiodunen mobilizazioei esker epea luzatu eta 2023. urtera atzeratzea lortu dugu”. Horregatik, herritar guztiak mobilizatzera animatu nahi dituzte.

Bestalde, plataforma osatzen dutenek, beraien pentsioen “aurka etengabe egiten ari diren erasoen aurrean”, jarraitu beharreko bidea mobilizazioena dela pentsatzen dute. Agintariek hartzen dituzten erabakien ondorioz diru-sarrerak behin eta berriz murrizten ari zaizkiela salatu nahi dute eta, horrekin batera, arazoa ez dela bakarrik pentsiodunena, gizarte osoarena baino argi laga nahi dute.