Iruzur egin dute herriko zenbait establezimendutan

Iruzur egin dute herriko zenbait establezimendutan
2021/10/28 08:16
eta kitto!
Beittu optikakoek jakinarazi digutenez, euren dendan eta herriko beste zenbait komertziotan iruzur egin dute azken egunotan. “Atzo eguerdian, denda itxita genuenean, alboko dendakoarengana etorri ziren esanez guretako pakete bat zutela eta ordaindu behar zela. Dendakoek, borondate onez, ordaindu egin zuten, baina kontua da guk ez genuela paketerik eskatu”, diotenez.

Antzeko zerbait gertatu da Calbeton kaleko beste bi establezimendutan ere. “Horretako batean, gure kasuan bezala, pakete bat zutela esan zioten eta, jaso zuenak, 50 euro baino gehiago ordaindu behar izan zituen. Orduan ere, paketearen ustezko hartzailearen establezimendua ere itxita zegoen, eta jaso zuenak ezin izan zuen ziurtatu egia zen edo ez. Azkenean, konfiatu egiten duzu”, esan digute Beittukoek. “Eta jakin genuen lehen kasuan ere, gauza berdina. Orduan, paketea alboko etxeko administratzailearentzat zela esan zioten, izen eta abizenekin, eta ez zuen pentsatu iruzurra zenik”, gehitzen dute.

Kaltetuek Ertzaintzari eman diote horren berri eta Udaltzainak ere jakinaren gainean jarriko dituzte. Bitartean, horren berri eman nahi izan dute beste inori gauza bera ez gertatzeko.