Isabel Barambio: “Nire bizian zenbat dantza egin ote dut nik!”

Isabel Barambio: “Nire bizian zenbat dantza egin ote dut nik!”
2018/02/23 09:22
eta kitto!
1913an Thomas Alva Edisonek soinudun zinearen lehen proba aurkeztu zuen, Otomandar Inperioak Europako lurraldeei uko egin zien eta Bilboko San Mames zelaia inauguratu zen. Bitartean, Errege egunean, Isabel Barambio etorri zen mundura Buenache de Alarconen (Cuenca). 105 urte eta gero dantzan ospatzen du bizitza Isabelek oraindik. Bakarrik bizi da Isasi kalean, ia ez du sendagairik hartzen eta irribarre zintzo batek pizten dio aurpegia. Bi alabei, ilobei eta birbilobei ere bizitza luze eta zoriontsua opa die, beti dantzan.

 

-Dantza asko egin zenuen Untzagako Jubiletxean jaso zenuen omenaldian?

Beno, pixka bat. Gero dantza modernoagoak hasi ziren eta horrek ez zaizkit hainbeste gustatzen.

-Zeintzuk gustatzen zaizkizu gehien?

Klasikoak. Pasodoblea, tangoa... gaztetan egiten genuena. Zenbat dantza egin ote dut nik!

-Bizitza osoa dantzan?

Nire senarrari ere asko gustatzen zitzaion. Legarreko erresidentziara joaten ginen dantzan egitera. Ni kartetan ibiltzen nintzen, baina berak kartak uzteko eta dantzan egiteko esaten zidan.

-Dantza egiteaz gain, zer gehiago egin zenuten omenaldian?

Lore-sorta bat eman zidaten. Arrosa ederrak! Hor dauzkat jarroi batean ipinita.

-Aratosteetako martitzenean izan zen omenaldia. Mozorrotu zinen?

Ez! Baina aratosteak izateagatik jendea animo handiarekin zegoen. Inoiz ez zait gehiegi gustatu mozorrotzea.

-Beti bizi izan zara Eibarren?

Ez. Buenache de Alarconen (Cuenca) jaio eta Motilla de Palancarrera (Cuenca) ezkondu nintzen. Eskualdeko herri garrantzitsuena da Motilla eta bost urte inguru bizi izan nintzen han. Eibarrera etortzea erabaki genuenean bizilagunek zera esaten zidaten, “Eibarrera joango zarete bizitzera? Han euria besterik ez du egiten eta!”. Egun hauetan arrazoia eman behar diet behintzat (barreak).

-Zergatik etorri zineten Eibarrera?

Gerra Zibila gure herrian pasa genuen eta amaitzean senarra kartzelan sartu zuten. Bost urte egin zituen espetxean eta, gero, Eibarrera etorri ginen. Euskaldun batzuekin topatu zen gudan eta eurek esan zioten Euskal Herrira etortzeko. Boluntario moduan ibili zen gerran, tankeak gidatzen, eta horregatik espetxeratu zuten gero. Tankeekin zebilenez, arrisku gehiago omen zuelako edo, janari gehiago jasotzen zuen eta inguruan bizi zen emakume bati ematen zion. Demaseko gosea zegoen, oso gogorra izan zen.

-Noiz etorri zineten Eibarrera?

1946. urtean etorri nintzen senarra eta bi alabekin. Hasiera batean Bidebarrieta kalean bizi ginen eta gero Bittor Sarasketan. Bost urte egin genituen han Isasi kalera etorri arte. Lan bila etorri ginen eta, kasualitatez, nire senarrak ezagun batzuekin egin zuen topo. Gisasola tailarrean egin zuen lan eta ni Aurrera eraikineko enpresa batean ibili nintzen urte batzuetan pieza txikiak egiten. Gero, etxean egin izan dut lan.

-Aldaketa handia igarri zenuten Motilla eta Eibarren artean?

Bai. Landa-eremuan dago Motilla eta bizitza-mota ezberdina zen. Aldaketa ona izan zen, oso ondo bizi izan garelako hemen. Gainera, Motillako etxea mantendu dugu eta sarritan joan izan naiz hara.

-Zer moduz sentitzen zara 105 urterekin?

Oso ondo! Gezurra dirudi, baina urteak pasa dira eta hemen nago 106 urteei begira. “Hau bizitza latza, maitasun gabe ez naiz biziko”, zioen abestiak.

-Bada, maitasun asko izan duzu orduan!

(Barreak) “Maitasun gabe ez naiz biziko”, baina bizi naiz! Nire senarrak 100 urte beteko nituela zioen eta nik ezetz erantzuten nion. Ba, azkenean bai. “Arrosa baten moduan zaude”, zioen. “Bai, arrosa zimela!”, erantzuten nuen.