Itxaropena galtzeko zorian

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Itxaropena galtzeko zorian
ETA KITTO 2020, Uzt 17

Bizitzak hainbatetan kolpatu du Hasna, batzuetan gogor gainera, baina beti izan du altxatzeko eta aurrera egiteko adorea. Azken kolpeak, ordea, jota laga du, aurrera jarraitzeko itxaropena galtzeko zorian. Zulo ilunean sartuta, bere alaba da bizitzari argi izpia ematen dion elementu bakarra, etorkizunera begiratzeko haria.

Hunkituta eta bizitzea tokatu zaion egoerak eragindako etsipenarekin, bere istorioa kontatu digu.

 

Hasna Bendriss bereberra da. Maroko hegoaldean jaio zen eta orain dela 20 urte inguru Bartzelonara joan zen bizitza berria hasteko. Katalunian hainbat urte pasa ondoren, 2012an Frantziara joan zen eta bost urtez egin zuen lan bertan. Orain dela lau urte, ordea, Eibarrera iritsi zen eta hemen hasi da bere amesgaiztoa.

Hasnak lan asko egin du bizitza osoan. “Denetarik egin dut. Hemen, adibidez, Portalea tabernako sukaldean egon nintzen lanean”, gogoratzen du. Baina orain dela bi urte alaba jaio zen, eta baliabide eta laguntzarik gabe, bera zaindu behar izan du ordutik, lana aurkitu ezinik.

Alaba da Hasnaren itxaropen argia, momentu ilunetan zoriona ematen diona, baina aitortzen du haurdun geratu zenetik oso txarto pasa duela. “Sasoi hartan gaur egungo egoera biziko nuela jakingo banu…”. Ezinezkoa da etorkizuna asmatzea, baina haurdun gelditzeak Hasnaren bizitza guztiz aldatu zuen. “Alaba eta biok bakarrik bizi gara hemen, berak ez du aita ezagutzen. Ez dugu inor”, Hasnaren berbetan. Izan ere, senarra Marokon bizi da eta ez du hona etortzeko aukerarik.

Hasna arduratzen da alaba zaintzeaz eta hezitzeaz, eta baliabiderik gabe ahal duena egiten du. “Ezin dut alaba bakarrik utzi eta, ondorioz, ezin dut lanik bilatu. Eta ez dudanez lanik egiten, ez dut dirurik alaba haurtzaindegira eraman edo zaintzaile bat kontratatzeko”, dio Hasnak. “Alaba haurtzaindegi publikora eramateko senarraren paper ugari eskatzen dizkidate eta ezinezkoa da horiek lortzea. Adibidez, orain dela hainbat urteko errenta aitorpena aurkeztu behar dut. Marokon ez dago horrelakorik! Beraz, paper horiek barik, ezin dut alaba haurtzaindegira eraman eta, ondorioz, lana bilatu”. Ez da Hasnaren bizitzan gertatzen den gurpil zoro bakarra.

 

Gurpil zoroan

Alaba jaioberriarekin, lan barik eta baliabide urriekin, Hasnak RGIa kobratzeko eskaera egin zuen orain dela bi urte eta onartu egin zioten. Diru horrekin hala nola bizitzeko aukera izan dute biek, baina RGIa berritzeko ordua iritsi denean laguntza ukatu diote. “Esan didate senarra hemen bizi ez bada, ezin didatela eman. Baina bera inoiz ez da hemen bizi izan. Ezkonduta gaude, bai, baina bera Marokon dago, gu hemen, eta ez dugu inolako harremanik. Gainera, lan egin barik, ez dut ‘berriz-elkartze familiarra’ egiteko aukerarik ere eta hori egin barik ezin didate laguntza eman”, azaldu digu. Gurpil zoroa berriz ere.

Hasnak mila ate jo ditu, baina itxita aurkitu ditu. “Ez nuen pentsatzen alaba txiki batekin eta egoera honetan baztertuko nindutenik, baina gizarte-laguntzaileak dio ezin duela ezer egin eta nik ia amore eman dut. Alabarengatik bakarrik egiten dut aurrera”, esan digu malkoei eutsiz.

Hasna etsita dago eta alkatearekin elkartzeko eskaera ere egin du, “baina gizarte-laguntzailearen ustez ezin bada ezer egin, alkatetzatik diote ezin dezaketela ezer egin”. Bere indarra agortzen doa eta erakundeen aldetik laguntza gutxi espero du.

 

Etxe barik geratzear

Martxoaz geroztik Hasnak ez du diru-sarrerarik izan eta egoera lazgarria muturreraino heldu da. “Etxea alokatzen digun ugazabak ultimatuma eman zigun joan den astean. Kalera bota nahi gaitu eta ez dut irtenbiderik aurkitzen”, esan digu arduratuta. “Bost hilabete daramatzat alokairua ordaindu ezinda. Inoiz ez zait hau gertatu, beti puntuala izan naiz ordainketekin”, bere berbetan.

Alaba abenduan hasi daiteke haurreskolan, baina ordura arte berarekin egon behar da momentu oro, ez duelako inorekin lagatzeko aukerarik. Beraz, gauzak horrela eta koronabirusak eragindako egoera kontuan izanda, zaila ikusten du lana aurkitzea. “Ez dugu ezer”, dio atsekabez.

 

Laguntza urria

Egoera estua bizi arren, alaba osasuntsu dago (nahiz eta, kasualitatez, elkarrizketa egin genuenean sukarra zuen), baina Hasnak antsietatea du. “Ezin dut lorik egin, antsietate-atakeak izaten ditut, eta burua galtzeko zorian nago”, aitortu digu. “Gauza asko pasatzen zaizkit burutik, etsita nago, ez dut argirik ikusten tunelaren amaieran eta ez dakit nola egingo dugun aurrera. Batzuetan gauean bat-batean esnatzen naiz eta alaba alboan dudan begiratzen dut. Amesgaizto batean bizi naiz”. Alaba du helduleku bakarra eta laguntza oro esker onez jasotzen du.

Itxialdian Gurutze Gorrikoak etxera joan zaizkio elikagaiak eramateko eta Caritasera hots egin du laguntza eske. “Ahal den neurrian lagundu digute eta asko eskertzen dugu”, Hasnak dioenez. Norbanako batzuek ere laguntza eskaini diete eta Hasnak dioenez, “beste pertsona bati gure istorioa kontatzea, besteek entzutea eta ulertzea garrantzitsua da niretzat. Gutxi bada ere, kontatzeak eta barrua husteak lagundu egiten du”.

Inoiz ez zuen imajinatu horrelako egoera bat biziko zuenik, eta gogor saiatzen bada ere, aitortzen du ezin duela barruan duena ondo azaldu. “Egoera hau bizi egin behar da ulertu ahal izateko. Edozein gauza esanda, motz geratzen naiz”, dio.

Hasnaren ustez bizitzak jarri dion azterketa bat da hau. “Bizitza amaierarik gabeko eskola da, beti ikasten duzu zerbait”, esan digu. Bere bizitzak liburu bat idazteko adina pasarte dituela dio eta orain gauzak oso zail ikusi arren, kapitulu beltz hau itxiko duela seguru dago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »