Ivan Makarenko, ukrainarra: “Familia eta hurbileko lagunak Ukrainatik ateratzea da nire nahia”

Ivan Makarenko, ukrainarra: “Familia eta hurbileko lagunak Ukrainatik ateratzea da nire nahia”
2022/03/14 08:23
eta kitto!
Ivan Makarenkok ezin du burutik kendu bere jaioterrian gertatzen ari den gatazka. Ezin du sinetsi Ukraina gerran dagoenik. 15 urterekin Argentinara joan zen bizitzera eta 15 urte inguru daramatza Eibarren bizitzen, baina lotura estua izaten jarraitzen du Ukrainarekin.

 

Nola bizi duzu Ukrainan gertatzen ari dena?

Oraindik ere bertan gertatzen ari dena sinestu ezinda nabil. Ez dakit zer izan behar den han dagoen jendearentzat hura bizitzea. Ez daukat hitzik.

 

Azken urteotan giro nahasia bizi izan da Ukrainan. Ez zenuen pentsatzen horrelako zerbait gertatu zitekeenik?

Ezta gutxiago ere. Txikitako lagun batekin egin nuen berba atzo (domekan). Probintziako polizia-burua da bera eta zera esan zidan: “Ezin duzu imajinatu zer gertatzen ari den, hiriak nola lagatzen ari diren, guztiz suntsituta. Telebistan ikusten duzuna errealitatearen zati txiki bat besterik ez da”. Errusiaren erasoa hasi aurretik, inguruko beste polizia batzuekin berba egiten zuenean, barre egiten zuten errusiar armada mugan zegoela aipatzen zenean. “Otsailaren 16an erasoko zutela zioten, gero 18an, gero ez dakit zein egunetan…”, esan zidan lagunak. “Tipoa zoroa dago, baina ez beste herrialde bat erasotzeko bezainbeste”, pentsatzen zuen berak. Eta hurrengo egunean gertatu zen, erasotu egin zuten eta ukrainarrak ez zeuden prest.

 

Ukrainako zein tokitakoa zara? Gerrak bertan eragin du?

Ukraina erdialdean Dnieper ibaiaren ertzean dagoen Krementxuk hirikoa naiz. Kiev 300 kilometro ingurura dago eta Kharkiv 200 kilometro ingurura. Hain zuzen ere, handik ihesean dabilen jende asko iritsi da nire hirira, emaztearen familiakoek esan digutenez. Errusiarrak ez dira hirira iritsi, baina hegazkinak pasatzen dira eta jendea gotorlekuetan ezkutatzen da. Oraindik ez dute tirorik bota bertan.

 

Han jarraitzen dutenek nola bizi dute egoera?

Oso gaizki. Pertsona indartsuenak ere negarrez ikusi ditzakezu. Psikologikoki oso zaila da. Horrelako zerbait bizi ondoren ez dakit nola geratu zaitezkeen, ahaztu ezin daitekeen zerbait da. Errusiarrak bizitza osoko lagunak izan dira eta orain ez dugu euren inguruan ezer jakin nahi.

 

Ukrainatik milaka kilometrotara, nolako laguntza eskaini ahal diezu herrikideei?

Babesa ematea eta ahal den neurrian laguntza lortzea da egin dezakeguna. Eta bestetik, familia eta hurbileko lagunak handik ateratzea da nire nahia, baina zaila da, errepideak kolapsatuta daudelako. Jendeak ahal duena egiten du handik ihes egiteko eta biolentzia uneak bizi dira trenetara igo nahi dutenen artean, etsipenaren ondorioz.

 

Han daudenekin harremanetan jarraitzen duzu?

Momentuz bai, baina nirekin lan egiten duen batek mugatik 30 kilometrotara du familia eta bi egunez ez du euren berririk eduki, gaur goizera arte. Antenak eta bestelakoak suntsitzen dituzte komunikazioa mozteko eta jendea oinarrizko baliabide barik lagatzeko (ura, argia, kalefakzioa…).

 

Nola hartu duzu Euskal Herritik emandako laguntza?

Ez genuen hainbeste laguntza jasotzea espero, Eibarko jendeak demaseko elkartasuna erakutsi du eta asko eskertzen da. Jende ona dagoela ikusten da. Joan den astean jaso genuena kamioietan bidali dugu eta kamioi gehiagoren bila gabiltza, kanpaina gehiago egin behar izango ditugulako.

 

Eibarren zenbait ukrainar bizi zarete. Elkarren babesa sentitzen da?

Bai, baina horrez gain, honekin guztiarekin Ukrainan jendea gehiago batu da. Inoiz arma bat hartu ez duenak ere armak hartu ditu etsaiari aurre egiteko, baita pertsona nagusienek ere, eta tankeen aurrean jartzen dira. Horrek poztu egiten nau.