“Ixotu orrua, ixotu herria” Eibarko Gazte Topaketak egingo dira gaurtik aurrera

0    Gizartea 
ETA KITTO
“Ixotu orrua, ixotu herria” Eibarko Gazte Topaketak egingo dira gaurtik aurrera
ETA KITTO 2021, Api 23

“Ixotu orrua, ixotu herria” aldarrikapenarekin eman dute jakitera hilaren 23an, 24an eta 25ean Eibarko Gazte Topaketak egingo direla. COVIDak eragindako egoerak urtebete atzeratu du eibartar gazteen asmoa, baina hain zuzen ere, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerari egin nahi dio aurre egitasmoak eta aurten egitea erabaki dute.

Gaur egungo egoeraren aurrean gazteek dituzten kezkak, zalantzak, asmoak eta gogoetak mahai gainean jartzeko balio izango du topaketak. “Pairatzen ari garen osasun-krisi honek inoiz baino ageriago utzi ditu sistemak dituen hutsuneak. Baina, porrot egindako sistema hau eraldatu beharrean, berriz ere gazteok bihurtu gaituzte errudun eta etsai”, diote. “Horregatik, gazteok gure espazioaren beharrean gaude. Premia honi erantzun nahian, Eibarko hainbat eragileren elkarlanaren bidez Eibarko Gazte Topaketak antolatzen gabiltza”.

Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute ez direla talde bat, baizik eta beren praktika politikoarekin jarraitu eta horretan sakontzeko antolatutako ekimena dela. Era berean, kideek beharrezkoa ikusten dute gazteentzako elkar ezagutza, formakuntza, aisialdia eta plazerra nahastea ahalbidetzen duten espazioak sortzea.

Horretarako, hainbat ekintza prestatu dituzte eta jarraian dagoen estekan klik eginez deskargatu daitezke egitaraua eta eskuorria: EGIN KLIK HEMEN

Lekuari dagokionez, eguraldi ona egiten badu, ostiral eta larunbatean txosnagunean (Txaltxa Zelain) izango dira eta igandean mendimartxa Urkizutik hasiko da, ondoren eguna Arraten igarotzeko. Eguraldi txarra egingo balu, alternatiba sare sozialen bidez jakinaraziko dute.

Antolatzaileak

Eibarko eragile ezberdinen artean antolatu dute ekimena, besteak beste, Jaixak Herrixak Herrixandako (Herriko jai batzordea), Nalua (Talde Feminista), Eibarko Ikama (Ikasle Antolakundea), Eibarko Ernai Gazte Antolakundea, Matraka (Eibarko Neska* Gazteak) eta Eibarko Gaztetxia.

Tiket salmenta

Aste Santuan topaketan parte hartu ahal izateko tiketak saltzen ibili dira, baina egun gehiagotan ibiliko dira berriz tiketak saltzen. Hiru egunetarako bonoak erosi daitezke, baina baita egun baterako tiketak ere. Tiketak eta kamisetak barixaku eta zapatuetan 18:30etik 20:30era daude salgai Guridi tabernako arkupean. Hala ere, sare sozialen bitartez haiekin harremanetan jarri eta sarrera gordetzeko aukera ere badago. Lortutako irabaziak Topaketetan egingo diren ekintzak, asegurua… ordaintzeko finantziazio-iturria dira. Eragileek diote ez dutela “inongo irabazirik lortzeko asmorik”.

Etorkizunera begira, zer?

Eibarko Gazte Topaketak, printzipioz, ekitaldi hau bakarrik estaliko du, baina Eibarko Gazte Mugimenduko eragileak urte osoan zehar ibiliko dira ekimen ezberdinak eta egitarauak antolatzen.

Bestelako informazioa

Egitasmoaren inguruan zalantza gehiago izanez gero, Instagrameko kontuaren bitartez galderak erantzuteko prest agertu dira antolatzaileak.

@eibarko.topaketak

6ba428f0-356f-463c-953b-00e2167004b8 91d73087-6fda-4344-9be4-a4c33b85b093 bbf01d30-37c3-4431-a1b8-cc3a09613fe1 c8ba1b79-0068-4097-bf32-7f0ffe2b042f e6000e27-2ac8-4008-8136-af6869ea7362 ff812daa-381f-4db0-a2dc-417335aee59a

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »