"Izan Bidea": 3.127.326 kilometro preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko

"Izan Bidea": 3.127.326 kilometro preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko
2020/06/12 eta kitto!
“Izan bidea” Sarek abian jarri duen dinamika berria da; euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa. 3.127.326 km hain zuzen ere!, Euskal Herriak adina biztanle. Ekimenaren oinarrian elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatzeko erronka dago. Kilometroak zenbatzeko telefono mugikorrentzako aplikazioa sortu dute.

Hiriburuetan maiatzaren 29an hasi ziren bidea egiten, eta apurka-apurka herri askotan ari dira dinamika ezagutzera emateko ekimenak antolatzen. “Izan Bidea”-rekin Sarek “preso eta iheslarien auziari behin betiko aterabidea emateko pausoak eman, jendarte aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzea” lortu nahi du.

Sarekideek uste dute “momentua orain” dela: “auzia konpontzeko aukera ireki da; gaur egun pandemiaren eraginez bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi ditu espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak”.

Sarek hiru printzipio ditu oinarri. Alde batetik, “gure iragan bortitz hurbilenaren ondorioak eta, bereziki, oraindik ere ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltariak gara”. Horregatik, “eragile aktibo” izateko deia egin du, “euskal preso eta erbesteratu guztien etxeratze-prozesua garatu ahal izateko adostasun politiko eta soziala lortzeko”. Azkenik, “elkarbizitzan eta erabateko eta behin betiko bakean oinarritutako aro berri batera eramango gaituen bidea elkarrekin egin nahi dugun ibiltariak gara”.

Ezaugarriak
Euskal Herriak dituen biztanleak adina kilometro ibili nahi ditu “Izan Bidea” dinamikak: 3.127.326. kilometro horiek guztiak egitearen xedea da “bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea”. Km-ak zenbatzeko Sarek telefono mugikorrendako aplikazioa sortu du (Android sistemarako). Aplikazioa deskargatu, izena eman eta km-ak ibiltzea da proposamena. Bestelako jarduerak ere km bihurtuko ditu aplikazioak: antola daitezkeen zumba-maratoiak, dantzaldiak edota kamiseta janztea bera.  Aplikazioa ondorengo loturan deskargatu daiteke: http://labur.eus/appizanbidea

Bakoitzaren ekimena erregistratzeko bi aukera egongo dira aplikazioan: “jarduera klikatuz zure ibilbidea automatikoki mugikorrak jasoko du (mugikorraren kokapena aktibatuta izan behar da horretarako). Eskuz klikatuz gero, egin duzun ibilbidearen datuak  norberak sartu beharko ditu”.
Sarek herritar guztiak “ibiltari izatea” nahi du, norbanako moduan edo era kolektiboan. Sarekideek diotenez ekimenak balioko du “dagoeneko saretzen ari diren adostasunak era ikusgarriagoan plazaratzeko”. Horregatik, parte hartzeko deia egin diete “bakearen eta bizikidetzaren bidea egin nahi duen edonori. Guztiok norabide berean egin dezakegu”.

Sare-ren web-orrian dinamika berriaren merchandisinga begiratu daiteke (http://sare.eus/izan-bidea/). Bertan eskuratu daitezke kamisetak eta bizi dugun osasun-krisian ezinbesteko bihurtu diren maskarak.

Geziaren sinbologia
Gezia aukeratu du Sarek dinamika honen sinbolo moduan. Gezi hori irteera markatzen duten gezietan, jarraitu beharreko bidean eta errepideetako seinaleztapenean inspiratuta dago: “Aurreranzko bidea izan nahi du, urratsez urrats dinamika berri honekin lortu nahi dugun aurrerapen hori. Sinbolo erraza, ulerterraza, bisuala eta denek ezagutzen dutena. Aurreranzko bidea markatzen digun gezi bat, etorkizun hobe baterantz, bakean eta bizikidetzan oinarritua, eta etxera itzultzeko bidea markatzen duena”.

COVID-19aren ondorioak
Covid-19a dela-eta ezarritako alarma-egoerak espetxeetako egoera gogortu du, hainbat kasutan, presoen eta euren senideen egoera muturrera eramateraino.

Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daude; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorako 12 eta 60tik gorako 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80 etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daude, eta Estatu espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156 lehen graduan daude. Sarek adierazi duenez, “horri, alarma-egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio: urruntze-politika dela-eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekiditeko ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den”.
Hori guztia salatu eta lau neurri eskatu dizkie Sarek Espainiako eta Frantziako gobernuei: euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak eta 65 urtetik gorakoak askatzea, presoei eta senideei dagozkien bisitak berreskuratzea eta gradu-aldaketak ahalbidetzea baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egon daitezen. Neurri horien inguruan Sarek nabarmendu du haiek ez ezik beste hainbat erakunde, eragile eta sindikatuk ere eskatzen dituztela neurriok.