Jardunaldi Transfeministak egingo dira zapatuan

Jardunaldi Transfeministak egingo dira zapatuan
2022/02/03 eta kitto!
Matraka! neska* gazteen taldeak eta Furia Disidente Madrilgo talde transfeministak Eibarko Jardunaldi Transfeministak prestatu dituzte zapaturako. Ekimen honen bitartez transfeminismoaren gaia mahai gainean jarri nahi dute, herrian horretaz berba egin dadila, historikoki ikusezinak izan diren errealitate ezberdinak argitara eramanez.

Bi zatitan banatu dute eguneko egitaraua. Goizean eta arratsaldean zenbait hitzaldi eskainiko dituzte Portaleko areto nagusian: 10:00etan, ‘Matrakaren ponentzia’; 10:30ean, ‘Transfeminismora sarrera’; 11:00etan, ‘Kontzeptuen gida’; 12:00etan, ‘Normaren dekonstrukzioa’; 13:30ean, luncha eta bazkaltzeko denbora; 16:00etan, ‘Transetik berbetan’; 17:00etan, ‘Monogamiak ez’; eta 18:30ean, eztabaida egingo da. Hitzaldiak gazteleraz egingo dira, baina xuxurlariak egongo dira nahi duenarentzat.

Hitzaldi eta solasaldien ondoren, aisialdiaren txanda iritsiko da, baina beti ere ikuspegi kritikoari eutsiz. “Hitzaldietan lantzen dena ez da hor geratu behar, egunerokora eraman behar ditugun gaiak dira eta aisialdian ere barneratu behar ditugu”, diote antolatzaileek.

Jaiaz gozatzeko asmoz, karro-poteo aldarrikatzailea egingo da 19:30ean, eta gero, iluntzean, gaztetxeak ateak irekiko ditu. Bi emanaldi egingo dira bertan: Maruxak Travesti DJ showa eta Feten Señorak.

Jardunaldi Transfeministetan parte hartzeko, Matraka!-ren Instagramean aurkitu daitekeen izapide bat betez eman behar da izena eta hiru sarrera-mota eskaintzen dituzte: 3 euro goiz eta arratsaldeko egitarauaz gozatzeko, 5 euro gauekorako eta 7 euro egun osokorako.

jardunaldi transfeministak