Jarri dituzte maskarak doan banatzeko makinak herriko hainbat tokitan

Jarri dituzte maskarak doan banatzeko makinak herriko hainbat tokitan
2020/05/15 17:10
eta kitto!
Udalak aurreko astean aurreratu zuen bezala, eibartarrei maskarak doan banatzeko makinak ipini dituzte herriko hainbat tokitan. Hasieran aurreikusitako bost makinei seigarren bat gehitu diote eta, beraz, makinak honako toki hauetan jarri dituzte: Azitaingo eta Kantoi gasolindegietan, Calbeton kaleko vending gunean, Berdintasunaren pasealekuan eta Ipuruan, Eibar Kirol Elkarteak duen dendan (azken hau falta da ipintzea, baina datozen egunotan erabiltzeko moduan egongo da).

Udalak jakinarazi duenez, behin makinak jarrita, eta jende-pilaketak saihesteko, gaur arratsaldean hasiko da maskarak jaso ahal izateko txartelen banaketa: etxeko buzoietan sartuko dituzte txartelak, gutunarekin batera, eta banaketa gaur hasi eta bihar eta astelehena bitartean egingo dute. Azaldu dutenez, “Udalak txartelen banaketa mailakatua egin nahi izan du, ahal den neurrian, jende-pilaketak saihesteko. Etxe bakoitzak txartel bat jasoko du eta txartel horri esker astean lau maskarako paketea eskuratzeko aukera izango du. Gutun-azalean, gainera, ekimenaren berri ematen duen gutun bat sartu da”. Ildo horretan, argitu nahi dute gutunean aurreikusitako bost makinen kokapena bakarrik agertzen dela, Ipuruakoa azken orduan gehitu dutelako”.

Bestalde, vending gune bakoitzean gel hidroalkoholikoa egongo da, erabiltzaileak, maskarak atera aurretik eta ondoren, eskuak desinfektatzeko aukera izan dezan eta, horrela, kutsatzea saihestu. Urkotronik enpresak 619883000 telefono zenbakia jarri du martxan, bezeroari arreta emateko. Telefono hori makina guztietan egongo da jarrita, eta zenbaki horretara deitu ahal izango da maskarak eskuratzeko arazorik izanez gero.

Hala ere, Eibarko Udalak dei egiten die herritarrei txartelen eta makinen erabilera arduratsua egiteko, eta maskara bila modu ordenatuan joateko, “osasuna arriskuan jar dezaketen pilaketak saihestuz”.