Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko hedabideei zabaltzeko eskatu du Hekimenek

Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko hedabideei zabaltzeko eskatu du Hekimenek
2021/11/24 17:29
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz zenbait komunikabideri emango dien laguntza gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatu du Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak.

Hekimen-ek esan duenez,  "ez da ulertzen Jaurlaritzak laguntza hauek komunikabide jakin batzuetara soilik bideratzea. Are gehiago, pandemiaren hasieran egindako azterlanaren emaitzekin batera, euskarazko komunikabideetan pandemiaren ondorioak leuntzeko neurriak ere eskatu genituenean".

Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak latzak izaten ari dira komunikabideen eremuan eta, noski, baita euskarazko hedabideen kasuan ere, ...eta kitto!  astekaria barne.  "Pandemia hasieran egin genuen azterlanak argi erakutsi zuen, besteak beste, publizitatean jaitsiera nabarmena jasaten ari garela edota harpidetzetan ere murrizketa gertatzen ari dela. Eta horri guztiari pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestiztea). Diru-sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena. Hori da komunikabideen egoera, baina guztiona, ez bakar batzuena soilik", esan du euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak.

Hekimen-en ustez ulergaitza egiten da aldizkari orokorrak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herri-telebistak… babes neurri horretatik kanpo uztea. "Zer herri-eredu du buruan Eusko Jaurlaritzak dirua horrela banatzen duenean? Zer iritzi du ekosistema mediatikoari buruz?", adierazi dute.

Eusko Jaurlaritzak egindako banaketa horretan, euskarazko komunikabideek %6,6 bakarrik jasotzen dute. "Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira Covid-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi. Izan ere, hori Covid-19aren aurkako txertoa hautatutako batzuei soilik jartzearen parekoa litzateke", esan dute Hekimen-etik

Pandemiak hedabide guztiak jo ditu gogor, baina egitasmo txikiak dira ondorioak gehien jasan dituztenak, izan ere, txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak (publizitatea, publizitate instituzionala, dirulaguntza bereziak...). Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek izan beharko lukete. "Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?" galdetzen dute Hekimen-etik.

5 milioi euroak horrela banatu ditu Jaurlaritzak:

El Correo 1.608.716,91 €
Diario Vasco 747.535,64 €
Deia 558.126,27 €
Gara 305.580,45 €
Noticias de Gipuzkoa 171.731,16 €
Noticias de Álava 113.645,62 €
Berria 290.427,7€

SER 520.244,41 €
Nervión-Gorbea 224.765,78 €
Cope 174.256,62 €
Onda Cero 123.747,45 €
Onda Vasca 73.238,29 €
Radio Popular 25.254,58 €
7 Radio 22.729,12 €
Bizkaia Irratia 40.000 € (audientzia kontuan hartuz 17.678,21 euro dagozkio, baina 40.000 euro ematen zaizkio, euskarazko irratia izateagatik)