Jaurlaritzak espero du Espainiako Gobernuak txertaketaren gaineko bere jarrera aldatzea

Jaurlaritzak espero du Espainiako Gobernuak txertaketaren gaineko bere jarrera aldatzea
2021/01/18 eta kitto!
Pfizerren hornikuntza arazoak direla eta, espainiar Gobernuak jakinarazi du dosi gutxiago bidaliko dituela txerto gutxiago jarri dituzten erkidegoei. Horren aurrean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du Espainiako Gobernuak bere jarrera aldatzea espero duela, agerian geratu baita Euskadiren estrategia eraginkorra izaten ari dela. "Espero dugu gauzak modu desberdin batean egitea hurrengo asteetan, gure estrategia egokia suertatu baita", esan du Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Zentzu honetan, Osasun sailburuak nebarmendu du Euskadik lehen momentutik ezarritako estrategiaren helburua bi dosiak ematea bermatzea izan dela; eta, dosien iritsieran gorabeherak suertatu daitezkeela ikusirik, Gotzone Sagarduik nabarmendu du Euskadik jarraitu duen estrategiari esker bi dosiak bermatuta daudela. Gaur Forondara iritsi diren txertoen inguruan galdeturik, jakinarazi du, Espaniako Gobernuak aurreratu dienaren arabera, aste honetan %56ko hori mantendu daitekeela.

Txertaketa prozesuaren inguruan, Gotzone Sagarduik jakitera eman du erresidentzietako ia egoiliar guztiek jaso dutela lehen dosia eta bigarrena ematen hasiak direla. Gainera, gogorarazi du lehengo ostiralean osasun langileen txertaketarekin hasi zirela.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Osasun sailburu Gotzone Sagardui arduratuta agertu da pandemiak Euskadin azken egunotan utzi dituen datuak ikusita. Egoera "kezkagarria" dela aipatu du eta prebentzio neurriak hartzera deitu du gizartea, "kontuz eta zuhurtziaz joka dezagun". Aldi berean, gizartearen gehiengoa erakusten ari den jarrera eskertu du, nahiz eta badauden egokiak ez diren jokabideak. Bestalde, ZIUetan tentsioa nabari dela onartu du baina ziurtatu du Osakidetza ondo erantzuten ari dela.

Presentzialtasunaren inguruan galdetuta, Sagardui sailburuak azpimarratu du Osakidetza presentzialtasuna berreskuratzeko planifikazioa lantzen ari dela, eta ospitaleetako kirurgia-jardunaren gehiengoa berreskuratuta dagoela dagoeneko.