Jessica Ots, Gehitu: “Jendeak informazioa nahi du, baina ez daki nora jo”

Jessica Ots, Gehitu: “Jendeak informazioa nahi du, baina ez daki nora jo”
2017/05/17 eta kitto!
Gehitu (Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartea) Andretxean dago apirilaren 18az geroztik. 20 urteko ibilbidea dauka Gehituk eta orain Eibarren jarri du bere hazia. Hemengoa informazio puntua izango bada ere, Gehituk hainbat ekintza antolatzeko nahia dauka eta, besteak beste, urtero Gay Festa antolatzea da euren asmoa. LGTBI fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur eta gaiaren inguruko hainbat laburmetraia eskainiko dira bihar, hilaren 18an, Portalean, 19:00etan.

 

-Gehitu Andretxean daukagu apirilaren 18az geroztik. Zein asmorekin iritsi da Eibarrera?

LGTBI informazio puntua izateko, batez ere. Donostiara joan beharrean, Eibar eta inguruko herriei zuzendutako zerbitzuak eskainiko ditugu. Gero, edozein galdera edo zalantza izanez gero, hona etorri eta nik Gehituko koordinatzailearekin kontaktuan jarriko dut jendea. Bestetik, badaukagu jarduerak prestatzeko asmoa ere. Apirilaren 30ean, adibidez, LGTBI afaria egin genuen Ipur sagardotegian, ekainaren 28an standa jarriko dugu Untzagan eta beste hainbat jarduera egiteko gogoarekin gaude. Donostia inguruan egiten diren ekintzetara joateko erraztasunak eskainiko ditugu hemendik baita ere: Jareñoko aratosteetarako sarrerak saldu eta abar.

-20 urteko ibilbidea dauka Gehituk. Gauzak asko aldatu dira denbora honetan?

Ni orain dela gutxi egin naiz Gehituko bazkide, baina aurretik izan dut kontaktua elkartearekin. Uste dut orain lehen baino ekintza gehiago egiten direla. Gauza batzuk hobera joan dira eta beste batzuk txarrera. Jende askok osatzen du elkartea, 300 pertsona inguruk, eta denetatik dago.

-Eibarren aste gutxi daramatzazue. Hurbildu zaizue jendea?

Afarian 6-7 eibartar batu ziren, nahiko ondo, baina jende askok oraindik ez daki hemen gaudela.

-Jendeak, hemen, badaki Gehitu zer den?

Egia esan, askok ez.

-Zein hutsegite dago hor?

Orain arte Donostian bakarrik egon dela. Han bai da ezaguna, baina hortik kanpo gehiago kostatzen da. Hemen ez da kalean ikusgai egon eta ez baduzu ikusten, ez zara enteratzen. Jendeak informazioa nahi du, baina ez daki nora jo eta interneten begiratzen du.

-Zein motatako informazioa eskainiko duzue?

Egingo ditugun jarduerak, kolaborazioak, prebentzio arloan lan sakona egingo dugu, historia ere landuko dugu, jakin beharreko telefono zenbakiak emango ditugu... denetik.

-Zein informazio da jendeak gehien eskatzen duena?

Aktibismo arlokoa eta jaien ingurukoa. Festek mundua mugitzen dute (barreak). Batzuetan ekintza bat egitera zoaz berdintasuna eta abar erreklamatzera, eta jendeak festa nahi du.

-Horrek ez du, agian, funtsezko mezua arindu edo ezerezten?

Batzuetan bai, baina batzuk festa bakarrik ikusten dute, gazteek batez ere. Badaude, noski, festatik kanpo kausaren alde egiten dutenak. Denak biltzeko ekintzak egin behar dira, bai gauzak erreklamatzeko, bai gozatzeko. Bi jarduera ezberdin bi toki ezberdinetan eginez gero, jendearen %70a festara joango da, argi daukat.

-Gauza asko dago egiteko LGTBI mugimenduaren inguruan?

Bai. Oraindik eraso asko dago, toki askotan gaizki ikusten dira pertsona homosexualak, guraso askok ere arazoak dituzte seme-alabak homosexualak direla onartzeko eta arazoak jartzen dituzte hauek ezkontzeko orduan, umeak adoptatzeko orduan ere arazoak izan daitezke... Berdinketa behar da arlo legalean, baina gizarte arloan ere lan egin beharra dago. Gizartea hezitu behar da honen inguruan.

-Eskola eta gurasoekin elkar eragiten duzue?

Gehitukoak eskoletara joaten dira berba egin eta hitzaldiak eskaintzera, baina Donostitik bideratzen dute hori. Hemen informazio puntua eskainiko dugu, baina horrelako gauzetarako erraztasunak jarriko ditugu eta pixkanaka zerbitzu gehiago eskaintzeko asmoa daukagu.