Justiziak ez du baimendu EAEn 'Covid Ziurtagiri Digitala' eskatzea

Justiziak ez du baimendu EAEn 'Covid Ziurtagiri Digitala' eskatzea
2021/11/22 eta kitto!
Gaur goizean hartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabakia: ukatu egin dio Jaurlaritzari COVID19 ziurtagiria eskatzeko baimena. Ondorioz, iragan asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera emandako prebentzio-neurriak daude egun indarrea.  Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den herrietan ezarri nahi zuten neurria.

09:30ean bildu dira epaileak baimena eman edo ez aztertzeko. Bi magistratuk babestu dute ziurtagiriaren aurkako erabakia. Luis Garrido epaileak boto partikularra eman du, eta argudiatu du bere ustez baimendu egin beharko zutela ziurtagiria ezartzea. Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu diezaioke Auzitegi Nagusiaren erabakiari.

Auzitegiak adierazi dutenez, eskubide «garrantzitsu askori» eragingo lieke neurriak, eta ez soilik berdintasunari eta intimitateari —epaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak horiek aipatu zituen eskaera egiterakoan—. Besteak beste, biltzeko askatasunari, hara-hona ibiltzeko askatasunari eta adierazpen eta sorkuntza artistikorako askatasunei eragin diezaiekeela esan dute.  Gogorarazi dute 12 urtetik gorako herritar «gehien-gehienak» txertatuta daudela, eta hori ere neurria ez ezartzeko faktore bat dela. Beste arrazoi bat ere eman du auzitegiak: «Inkongruentzia» da establezimenduetako bezeroei ziurtagiria eskatzea baina langileei eta jabeei ez eskatzea.