Kanpoko igerilekuak uztailaren 1ean zabalduko dituzte

Kanpoko igerilekuak uztailaren 1ean zabalduko dituzte
2020/06/12 eta kitto!
Gaur goizean eman dute jakitera nola egingo den herriko kirol instalazioen irekiera. Miguel De los Toyos alkateak eta Felipe Zamakola Kirol Patronatuko zuzendariak zuhurtziaz jokatu dutela azpimarratu dute eta ezarritako neurriak “bizirik” daudela. Hau da, esperientziak esango diela arauak moldatu behar diren edo ez. “Asteak aurrera joan ahala arauak eboluzionatzen joan daitezke”, esan du Zamakolak.

Kirol-instalazioak erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da egun gutxi barru aurkeztuko duten mugikorretako aplikazio baten edo telefono bitartez, eta hitzordua eskatzeko Kirol Patronatuko bazkidea izan beharko da ezinbestean.

 

Kanpoko igerilekuak

Kirol Patronatuak eta Udalak aste honetan zehaztu dituzte kirol instalakuntzak berriz irekitzeko arauak eta baldintzak eta, ondorioz, kanpoko igerilekuak uztailaren 1ean zabalduko dituzte. “Igerilekuak zabaltzeko hainbat lan egin behar dira eta hiru aste behar izaten dira den-dena prestatzeko”, esan du alkateak. “Hala ere, egun batzuk lehenago zabaltzeko aukera badago, lehenago zabaltzen saiatuko gara”.

Igerilekuan 100 pertsona inguru egon ahal izango dira aldi berean, ordu bi eta erdiz gehienez. Hitzordua hartzeko orduan hainbat ordutegiren artean aukeratu ahal izango da, jendea igerilekuaren sarreran edo irteeran ez pilatzeko. “Familia-unitateak elkarrekin joan ahal izango dira, baina pertsona bakoitza astean hiru aldiz joan ahal izango da gehienez”, De los Toyosek esan duenez. “Enpatia eta solidaritate ariketa egin beharko dugu”.

Sarrera eta irteera toki ezberdinetatik egingo da, sarreran pertsonei tenperatura neurtuko diete eta dagokien tokira eramango diete. “Partzelak ondo zehaztuko dira”, Zamakolaren berbetan. Gainera, aldagelak itxita egongo dira.

Ezin izango da modu librean jolastu edo mugitu, “segurtasun distantziari eustea oso garrantzitsua delako”, Zamakolak esan bezala. “Bestetik, tabernakoekin negoziaketak egiten dihardugu zabaldu ahal dezaten”.

 

Unbe kirol-gunea

Unben padel, tenis eta atletismo pistak, eta muskulazio-gela irekiko dituzte astelehenetik (ekainaren 15etik) aurrera. Igerilekuan bezala hitzordua hartu beharko da aplikazio baten bitartez eta aldagelak itxita egongo dira.

Kirol-taldeek instalazioak erabili behar izanez gero, kirol patronatuari eskaera egin beharko diote eta euren beharrak asetzen saiatuko dira. “Emakumezkoen seniorren errugbi taldea entrenatzen hasi da dagoeneko, adibidez”, Zamakolaren berbetan.

 

Orbea kiroldegia

Orbea uztailaren 1ean zabalduko dute. Igerilekua eta muskulazio-gela egongo dira zabalik, baina spa itxita egongo da irailera arte. Instalazioak ordubetez erabili ahal izango dira gehienez, aldagelak itxita egongo dira (igerilekua erabiltzen dutenek bai erabili izan ahalko dituzte, baina arropa aldatzeko bakarrik, ez dutxatzeko, igerilekuan dutxatu beharko dira) eta aforoa mugatu dute. Muskulazio-gela 10 pertsonek erabili ahal izango dute gehienez aldi berean, eta igerilekuan pertsona bakarra ibili izango da kale bakoitzean.

 

Ipurua kiroldegia

Ipurua itxita egongo da irailera arte, baina herriko kirol taldeek beharrak edukiz gero, euren egoera aztertu eta instalazioak erabili dezaketen aztertuko du Kirol Patronatuak.

 

Astelena frontoia

ETBk atzo jakinarazi duenez hilaren 24an , San Juan Egunean, pilota jaialdia jokatuko da Astelena frontoian. "Astelenak eskaeren bitartez funtzionatzen du eta guk ASPE enpresari alokatzen diogu", esan du De los Toyosek. "Hilaren 24an jaialdia jokatzeko eskaera egin dute eta euren segurtasun protokoloa zein izango den esan behar digute. Dena ondo badago, jaialdia egin ahal izango da".

 

Bazkideei hiru hilabeteren itzultzea

Itxialdian kirol-instalazioak ezin izan direnez erabili, Udalak hiru hilabete horiei dagokion diru-kopurua itzuliko die bazkideei. Gainera, orain kirol-guneak egoera eta baldintza berezietan zabalduko dituztenez, bazkidetza bertan behera laga eta otsailetik urte amaieraraino dagokion diru-kopurua jasotzeko aukera emango zaie bazkideei ekainaren 10era arte.

Urtero bezala, urte erdiko bazkidetza egiteko aukera egongo da aurten ere. Kanpoko igerilekura bakarrik joateko bazkidetza, ordea, ez da eskainiko.

Bazkideek gutun bat jasoko dute etxean datozen egunotan eta bertan Kirol Patronatua ohiko galderei erantzuna ematen saiatuko da.