Kanposantuak ordutegi berezian zabalduko ditu ateak datozen egunetan

Kanposantuak ordutegi berezian zabalduko ditu ateak datozen egunetan
2020/10/27 eta kitto!
Domu Santu egunerako gutxi falta dela eta, jende pilaketak saihesteko asmoz, azaroaren 6ra arte ordutegi berezian, 08:00etatik 18:00etara zabalduko dute kanposantua. Horrez gain, urriaren 31n eta azaroaren 1ean, hilerriaren beheko aldeko ate nagusitik, Armagin kaletik eta Juan Antonio Iturrioz kaletik sartu beharko da. Urkiko sarrera itxita egongo da.

Udaletik adierazi dutenez, “edukiera behar bezala kontrolatuko da eta indarrean dagoen araudia betetzeko behar diren higiene- eta osasun-neurriak hartuko dira. Zentzu horretan, erabilera partekatuko elementu edo materialen garbiketa eta desinfekzioa indartuko da, hala nola ur-txorrotak edo nitxoetara heltzeko aldamioak eta eskailerak. Era berean, gogorarazten da nahitaezkoa dela maskarak erabiltzea, eta ezinbestekoa dela pertsonen arteko distantziari eustea. Gainera, ibilbideak ezarriko dira pertsonen zirkulazioa zuzentzeko eta gune jakin batzuetan pilaketak saihesteko, bai barruan bai kanpoan, eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bestalde, hilerriko kapera itxita egongo da egun hauetan, eta, beraz, azaroaren 2ko meza ere ez da egingo. Eta edozein eskaera egin nahi izanez gero, Pegorako bulegora joan beharko da”.