Kevin Fernandez eta Beñat Vilarchao, UniEncounter: “Jendeak ondo pasatzea nahi dugu, bideojokoak gustatu ez arren”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Kevin Fernandez eta Beñat Vilarchao, UniEncounter: “Jendeak ondo pasatzea nahi dugu, bideojokoak gustatu ez arren”
ETA KITTO 2020, Ots 21

Gaur hasiko da UniEncounter jardunaldien 16. edizioa. Teknologia berrien zaleek ezinbesteko zita izango dute asteburuan Hezkuntza Esparruan eta Kevin Fernandez eta Beñat Vilarchaok esan diguten bezala, bertan egingo dute lo askok. UNIko ikasleak dira Kevin eta Beñat eta, ZiberSegurtasun espezializazioa ikasteaz gain, UniEncounterren antolakuntzan ibili dira buru-belarri.

 

– Nola hasi zineten UniEncounterren antolakuntzan?

Orain dela hiru urte sartu ginen UniEncounterren antolakuntzan. Kurtso amaierako proiektuan UniEncounter antolatzen laguntzea proposatu genuen eta guretzat pasioa bihurtu da ordutik.

– Zein da zuen zeregina?

Denetarik egiten dugu. Jokoen antolakuntzaz, txapelketen monitorizazioaz, sariak eta babesleak lortzeaz, beharrezko materiala eskuratzeaz… arduratzen gara.

– Noiz hasi zineten aurtengo edizioa antolatzen?

Orain dela hilabete hasi ginen babesleak lortzeko lanak egiten, baina lehenengo bilerak iaz hasi genituen. Bilera informalak ziren, egin ahal genuena zehazten hasteko.

– 16 urtetan asko aldatu da teknologia berrien mundua. Nola egokitu da UniEncounter sasoi berrietara?

Orain dela 12 urte, adibidez, UniEncounter egun bakarrekoa zen, eta azken hiru urteotan hainbat egunetako Lan Party-ak (jolastu eta informazioa elkarbanatu eta partekatzeko ordenagailua daramaten pertsona ugari biltzen dituzten jaialdiak) antolatu ditugu. Gauza handiak egin nahi izan ditugu eta gure irakaslea oso malgua izan da zentzu horretan. Ordutik, UniEncounter goitik behera aldatu da.

– Zeintzuk dira aurtengo edizioko berritasun aipagarrienak?

Aurreko urteekin alderatuz izan dugun antolakuntza ona (barreak). Aurten, kanpoko jendeari laguntza eskatu beharrean, guk egin nahi izan dugu lan guztia. Jardunaldia geure egin nahi izan dugu.

– Zenbat pertsona elkartuko da asteburuan Hezkuntza Esparruan?

Beldurra dugu, gure aurreikuspenak gainditu direlako eta ez dakigulako nahikoa toki izango dugun. Momentuz, gutxienez 65 lagunek gaua pasako dute hemen. Gero, antolatu diren txapelketen arabera, jende gehiago sartu-irtenean ibiliko da eta 120 lagun inguru elkartu gaitezke momentu batzuetan.

– Nondik etorriko da jendea?

Eibar EAEko hiru hiriburuen erdian egonik, toki aproposa da hango eta hemengo jendea etortzeko. Hiriburuetatik, Berrizetik, Elgoibartik, Bergaratik… etorriko dira. Nahiko frikiak garenez, hitzaldi ezberdinak egingo ditugu: hacking-ari buruzkoa, monologo antzeko bat… Jendea etortzea eta ondo pasatzea nahi dugu, bideojokoak gustatu ez arren.

– Bertara joan gabe, etxetik parte hartu daiteke sarearen bitartez?

Pertsonak Hezkuntza Esparrura etortzea da nahi duguna, komunitatea sortu nahi dugulako. Gertuko komunitatea bada, hobe. Beraz, modu presentzialean egin daitezkeen ekintzak antolatzen saiatzen gara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »