Klima-aldaketaren inguruan kontzientzientzako jarduerak antolatu dituzte, barixakuan hasiko den Asteklimaren baitan

Klima-aldaketaren inguruan kontzientzientzako jarduerak antolatu dituzte, barixakuan hasiko den Asteklimaren baitan
2021/09/21 eta kitto!
Irailaren 24tik urriaren 3ra bitartan egingo da Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen bigarren edizioa eta, horrekin bat eginez, Eibarko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu “eibartarrak klima-aldaketaren garrantziaz kontzientziatzeko”.

Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoaren laguntzarekin prestatu duen egitaraua irailaren 28an hasiko da, "Mañana" ("Demain") dokumentalaren proiekzioarekin. Cyril Dionek eta Mélanie Laurentek zuzendutako lan honetan klima-aldaketaren ondorioak erakusten dituzte eta, horrekin batera, XXI. mendean ingurumen zein gizarte arloan dauden erronka nagusiei emandako irtenbideen adibide zehatzak ezagutzera ematen dituzte. Dokumentala Coliseoan emango dute (19:00etan), gaztelaniaz, eta sarrera doakoa da. Aldez aurretik eskuratu daitezke sarrerak, Coliseoko lehiatilan (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank plataformaren bitartez.



Irailaren 29an, 17:30ean, "Zuriñeren abentura" izenburuko ipuin-kontaketa saioa egingo da Juan San Martin liburutegian. Emanaldia 3 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta amaieran Zuriñe gogoratzeko eskulana egingo dute. Eta irailaren 30ean (eguaztena), 7-12 urte arteko neska-mutilentzat "Klima Aldaketa: joko beroa" izeneko tailerra egingo dute Portaleko areto nagusian, 17:30ean hasita. Sarrera doakoa da batean zein bestean, baina aurretik izena eman beharko da nahitaez, Udalaren webgunean sartu eta jarduera bakoitzari dagokion formularioa beteta:

"Zuriñeren abentura" ipuin-kontaketarako izen-ematea egiteko sakatu HEMEN.

"Klima Aldaketa: joko beroa" tailerrean izena emateko sakatu HEMEN.

Bestalde, egitasmoa 2030 Eskola Agendaren proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetara gerturatzeko, klima-aldaketari buruzko tailer zientifikoak antolatuko dira Lehen Hezkuntza 6. mailako ikasleeentzat.