Koloneko minbiziaren aurka, prebentzioa lagun

Koloneko minbiziaren aurka, prebentzioa lagun
2012/04/27 00:00
eta kitto!

Osakidetzak 2009. urtean abiatu zuen kolon eta ondesteko minbizia garaiz antzemateko proiektua eta otsailetik aurrera dihardu martxan Debabarrena mailan, Mendaroko Ospitalean. Horretarako, hainbat pauso dituen programa bat diseinatu dute.
Eibarko 50 eta 69 urte bitarteko biztanleek Osakidetzaren eskutitz bana jaso dute euren etxeetan. Bertan, kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko kanpainaren gaineko informazioa aurkitu dute eta, hemendik gutxira, proba egiteko gonbidapen-gutuna jasoko dute horretarako behar den materialarekin. Mendaroko Ospitaleko arduradunek “oso” garrantzitsutzat jotzen dute proba egitea.
Hodi batean gorozki-kopurua txiki bat hartu eta bakoitzak bere osasun zentroan laga beharko du. Proba Mendaroko Ospitaleko laborategian aztertuko da eta emaitza gutunez igorriko zaie herritarrei. Negatiboa bada, urte biren bueltan berriz egin beharko da proba. Positiboa bada, kolonoskopia egin beharko da kasua hobeto aztertzeko.

%90eko aukera sendatzeko
Kolon eta ondesteko minbizia hesteetako polipoetatik sortzen da, beraz, kolonoskopiaren lana polipoak aurkitu eta kentzea da. 30-60 minutu bitarteko proba izango da (“neketsua delako eta abilezia eskatzen duelako”) eta antzemandako polipoak aztertu egingo dira ostean.
Arantxa Mendiguren Mendaroko Ospitaleko arduradunaren eta Leire Zubiaurre, Eva Zapata eta Arantxa Iribarren Mendaroko Ospitaleko Digestiboko-Zerbitzuko kideen berbetan, “kolonoskopia egitean, gaitza, agertu aurretik antzeman daiteke, epe luzera minbizia izan daitekeen lesioen bitartez”. Zentzu horretan, gaitza garaiz antzematen bada, “%90eko aukera dago sendatzeko”.

Sahiestu daiteke?
Sendagileek diotenez, ez dago argi gaitz hau nola prebenitu daitekeen, “jaten dugun guztia pasatzen delako kolonetik”. Hala ere, milaka pazienteri egindako ikerketek dieta osasuntsua izatea, tabakorik ez erretzea eta alkoholik ez edatea, eta kirola egitea osasuntsua direla baieztatzen dute eurek diotenez.


ELKARRIZKETA



Arantxa Mendiguren (Mendaroko Ospitaleko zuzendaria), eta Leire Zubiaurre, Eva Zapata eta Arantxa Iribarren (Mendaroko Ospitaleko Digestiboko-Zerbitzua):
“Kolonoskopia erosoa da pazientearentzat”

-Kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programarekin lanean diharduzue. Nolako martxa darama?
Hau egiteak merezi duela ikusi dugu, izan ere, polipoak dauden hainbat kasu ikusi ditugu (200 bat), polipo handiak diren kasuak eta horiek edukitzeak arriskua suposatzen dutenak. Programa hau oso berritzailea da eta Europan begira dauzkagu ea nolako emaitzak ateratzen ditugun.
-EAEko herritarrei gehien eragiten dien minbizia da kolon eta ordestekoa. Zenbaterainokoa da proba hau egitearen garrantzia?
Oso tumore garrantzitsua da kasuen portzentaian eta heriotza-tasan, baina sintomak agertu aurretik antzeman daiteke eta laister diagnostikatuz gero, sendatu daiteke. Beraz, oso garrantzitsua da herritarrentzat detekzio goiztiarraren proba egitea.
-Jendea arazoaz jabetzen dela esango zenukete?
Gero eta gehiago, inguruan kolon minbizia izan duten jendearen kasuak izan dituztelako batez ere.
-Gorotzetan odola detektatzeko probak positibo ematen badu, kolonoskopia egin behar zaio pazienteari. Horrek badu nolabaiteko arriskurik berarengan?
Arriskuak ditu, baina ez dira batere ohikoak. Gainera, pazientearentzat oso erosoa da, lasaigarria ematen zaielako eta ez dutelako ezer sentitzen.
-Emaitza negatiboa emanez gero, zer?
Urte biren ostean berriz egin beharko zaio proba pertsona horri. Bestetik, emaitza positiboa bada ere, ez du esan nahi derrigorrez pazienteak minbizia duenik.
-Nola prestatu behar da pazientea kolonoskopia egiteko?
Oso garrantzitsua da pazientearen hestea oso garbi egotea. Horretarako, dieta bat egin beharko du eta purga hartu. Horrek komunera joanaraziko dio, baina ezinbestekoa da, hestea garbi ez badago, proba errepikatu beharko delako. Normalean, jendea ondo prestatzen da.